argia.eus
INPRIMATU
Espetxe eskumenak eskualdatzeko akordioa lortu dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak
  • Ostiral honetan lortu dute akordioa Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. Horrez gain, beste hiru eskumenen eskualdatzea ere egingo da: Errepide garraioa, ISSNa eta Ondarroako Itsas Barrutiko eraikinaren eskumena.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko apirilaren 16a

Olatz Garamendi Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak eta Josu Erkoreka lehendakariordea Lehendakaritzan emandako prentsaurrean iragarri dutenez, hau behin-behineko akordioa da eta eskumenen eskualdatzea maiatzaren 10ean sinatuko da bi gobernuen arteko eskumenen batzorde mistoa biltzen denean. Garamendik esan duenez, espetxeetako eskumenaren aldaketa urriaren 1etik aurrera sartuko da indarrean.  

Bi instituzioak aspaldi ari dira trasferitu gabeko eskumenak eskualdatzeko negoziazioetan. Hamaika eskumenen bloke bat ari ziren negoziatzen aurtengo martxorako eta orain horietako lauren akordioaren berri eman dute. Horrela, Zaballa, Martutene eta Basauriko espetxeen kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko da. Kontseilariak esan duenez denera 1.300 bat preso izango dira bere ardurapean, 700 bat espetxe funtzionario Jaurlaritzaren menpeko funtzio publikora pasatuko dira eta espetxe kudeaketaren 70 milioi euro kupotik kenduko dira; hau da, diru kopuru hori aurrerantzean Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan izango da.

Kontseilariak Iragarri du halaber, aurreikuspenen arabera Zubietako espetxea 2023rako bukatuko dutela eta, orduan, Martuteneko Espetxearen eraikina Espainiako Gobernuaren esku geratuko dela.

Euskal preso politikoen Euskal Herriratzea

Euskal presoen aldeko Sare erakundeak V. Biltzarra egin du gaur Donostian eta bertan Joseba Azkarragak adierazi duenez, espero dute eskumen aldaketa honek erraztu egingo duela euskal presoen Euskal Herriratzea. Sareren esanetan, erakundearen helburua da 2021erako presoak Euskal Herriko kartzeletan egotea; une honetan % 14a bakarrik dago Euskal Herriko espetxeetan.