Esperimentazioa eta mestizaia: hemen da Errobiko festibalaren aurtengo edizioa

  • Egunkarietako kultura sail geroz eta argalagoak musika festibalez betetzen ari diren egunotan, EHZrik izango ez dugun uda honen erdian, bestelako zerbaiten bila ari denari oraindik geratzen zaio alternatibarik masifikaziori ihes egiten dion jaialdi batera joateko, non ez duzun aurkituko garagardo multinazionalen afixa erraldoirik: Itsasun urtero antolatzen duten Errobiko festibala.


2017ko uztailaren 11n - 17:26
Ablaye Cissoko eta Ensemble Constantinople dira aurtengo edizioko musikari deigarrienetakoak.

Aurtengo edizioko kartelari begira ez da ikusten izen “handirik” –aldez aurreko abisua–; gauza berriak deskubritzeko aukera da festibala diferente egiten duen ezaugarrietako bat. Kulturen arteko topaleku gisa pentsatua, nortasuna, transmisioa eta sorkuntza ardatz dituen solasaldi batekin hasiko da jaialdia uztailaren 20an eta lehenbiziko egun horretan agertuko da jendaurrera festibalarekin lotura estua daukan bertako musikarietako bat: Beñat Achiary. Zuzeneko harrigarria dauka Donapaleuko abeslariak, Joseba Irazokirekin eszenatokian ikusi duenak jakingo duenez; oraingoan, Jesus Aured akordeoilariarekin ariko da, Mizel Théreten dantza-ikuskizun batek lagunduta.

Hortik aurrerakoa, bidaia-txartel bat: Banatu Bartok taldeak euskal kantuetatik abiatuta Hungariara, Balkanetara eta Turkiako musiketara eramango ditu entzuleak eta, egun berean, Benjamin Moussay eta Keyvan Chemiranik jazz irandarra ekarriko dute.

Ablaye Cissoko eta Ensemble Constantinople elkarrekin uztailaren 21ean

Jazz musika eta Afrikako sustraiak uztartzen ditu Cissokok bere lanetan

Datorren ostiralak dirudi, lehen kolpean behintzat, festibaleko egunik konpletoena. Gaua ondo sartuta agertuko da aurtengo Errobiko festibaleko izen nagusietako bat: Ablaye Cissoko senegaldarra. Griot familia bateko kidea da, Mendebaldeko Afrikako tradizioetan ezagunak diren bardo edo historia-kontalariak; eta kora jotzen du, Senegalgo soka instrumentu tradizionala. Jazza eta Afrikako sustraietatik edaten duen musika uztartuz ibilbide luzea egina du. Agertokian lagunduko dio Montrealgo Ensemble Constantinople taldeak, zeinak 1988tik disko ugari kaleratu dituen, bere erara berrinterpretatuz Erdi Aroko eta Berpizkundeko musikak, Quebeceko kantu tradizionalak eta Iberiar Penintsulako judutarren abestiak besteak beste. “Topaketa inedito eta poetiko” gisa aurkeztu dute jaialdiaren arduradunek.

Aurretik, inprobisazio saio bat ere izango da bi talderen eskutik: batetik Eléonore Fourniau eta Bastien Fontanille; eta bestetik, Bijan Etemad-Moghadam, Christine Martineau eta Jordi Cassagne. Brasilen dantzarako maiz erabiltzen den forró estiloa ezagutaraziko du jarraian ariko den Forró de Fòra taldeak; atzetik berriz, bost dantzari arituko dira Mizel Théreten Xorien ihesa ikuskizuna taularatzen.

Rojavako emakumeak protagonista

Kurdistango emakume borrokalariei omenaldia eskainiko die jaialdiak larunbatean, hilak 22. Julie Lobato, Christine Zayed eta Eléonore Fourniau musikariek eta Yohann Villanua poetak “Rojavako larrosak” izango dituzte gogoan. Eguneko beste ekitaldien artean Kongoko perkusio eta dantzak nabarmentzen dira, baita Mehdi Chaïb, Léo Rathier eta Fawzi Bergerrek egingo duten saio esperimentala, Maroko eta Argeliako gnawa musika uztartuz Brasilgo maracatu erritualetakoarekin –begi-bistakoa denez, inprobisazioa eta esperimentazioa jaialdiaren etxeko marka dira–.

Larunbat gaueko kontzertuak lasai antzean hasiko direla dirudi, Haratago taldeak Zuberoako mendietako basa-ahaireak ekarriko baititu. Normalean ahots hutsez egiten dira mota horretako kantuak, baina kasu honetan, kantu tradizionalen espiritua atxikiz, perkusioak, klarinetea eta sokazko instrumentuak gehituko ditu taldeak.

Eguna amaitzeko, Koçani Orkestar taldearen ijito-musika. Talde mazedoniarrak “eroaldi distiratsua” ekarriko duelakoan dira antolatzaileak, “deprimituen armada bati ere animoak emango lizkiokeena”. Biharamuneko ibilaldi poetikoarekin amaituko da Errobiko Festibalaren 22. edizioa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude