Espazio publikoaren publikotasunaren alde, ez joan etxera

  • Igande honetan, bi aste igaroko dira Gipuzkoa Zutik! ekimen herritarrak Gipuzkoa plaza hartu eta aldarrikapenak aireratzeari ekin zionetik. Ordutik, kolore guztietako poliziek plazak okupatu eta  pentsamendu anitzeko pertsonez eta politikaz (polisari dagokionaz, publikoa denaz) beteriko kaleak husteko saiakera desberdinak egin dituzte. Hainbat aldiz indarrez oldartu dira desobedientzia pasiboaz erantzuten ari ziren herritarren aurka, eta baita bost lagun atxilotu eta zortzi bat identifikatu ere.


2016ko ekainaren 10an - 10:37

Egun nagusi den Zuzenbidearen ikuspuntutik, poliziaren esku hartzeak eta alkatearen hitzetan gorpuzten den administrazioaren jarrerak zuzenak direla eman dezakete: Ez duzue baimenik eskatu, hortaz, kalera (barka, etxera). Egun nagusi den Zuzenbidearen ikuspuntutik diogu, hau da, lege-kolpeka inposatu zaigun eta jada ohituraren indarrez normalizatu dugun Zuzenbidearen ikuspuntu  horretatik.

Ohikoa denez, printzipio loriatsuetan oinarritutako Zuzenbide teorikoak ez baitu zerikusi handirik kaleetan aplikatzen diguten (etsaiaren) Zuzenbide praktikoarekin. Ez baitago sobera gogoratzea nazioarteko zuzenbidearen oinarriek, herritarrek espazio publikoa erabiltzeko eskubidea dugula diotela. Aste honetan Eneko Goiak  Berrian eginiko elkarrizketan salatzen zuen  “okupazio horretan ez dela egon inolako eskabiderik, ezta komunikaziorik ere”. Dirudienez, Donostiako Alkatea ez da ohartzen plaza publikoak erabiltzeko ez dela administrazioaren baimenik behar. Espainiako konstituzioak berak dio 21. artikuluan: Se reconoce el derecho de reunión pacífica y sin armas. El ejercicio de este derecho no necesitará autorización previa. Ez dago sobera gogoratzea 95ean Corcuera Legea indarrean sartu arte kale adierazpenak eta mobilizazioak ez zirela komunikatzen. Eta, hain zuzen ere,  nazioartean araututako oinarrizko eskubide bat eta Konstituzioa bera urratzea litzatekeelako, teknikoki ordutik egiten duguna ez dela udaletxeari edo poliziari "baimena” eskatzea, baizik eta “jakinaraztea”. Ordea, teorikoki  jakinarazpena hutsa dena praktikan agintaritzari zuzentzen zaion menpekoon baimen eskaera bihurtu zen hasieratik. Eta horrela daramazkigu hamarkadak, gure eskubideak praktikatzeko baimenak administrazioak noiz onartuko noiz ez onartuko.

Edonola ere, kontua sinpleagoa da. Herritar batzuk, bizi diren herriko plaza batean ematen dute eguna, eta gaua. Esparru publikora esparru publikoari dagozkion hainbat eta hainbat gai eramanez. Inori kalterik egin gabe. Are gehiago, inguruko herritarrenganako tratua bereziki zainduta (atariz atari informazioa banatuz, esaterako). Zein da arazoa? Arazoa ikusten dutenek erantzun dezatela. Bide batez, eskertuko genuke ere bigarren kezka baten inguruan erantzunen bat ematea: Noraino heltzeko asmoa dute Donostiako udal arduradunek udaltzaingoaren militarizazioan? Alkateak onartzen al ditu Ibabe zinegotziaren eskutik zenbait udaltzain zehatz eta ezagunek herritarren aurka erabili duten indarkeria eta izan duten jarrera harro eta mespretxatzailea? Herritar orok ikusi du Udaltzaingoa, enkaputxatuta, inolako beharrik gabe gazteak kolpatzen eta hauen materiala puskatzen eta FCCko kamiora botatzen. Ertzaintzari dagokionez, zaharrak berri.

Atzo bertan, PP salbu Gipuzkoako Batzar Nagusietako gainontzeko alderdi politiko guztiek bat egin zuten Mozal Legearen aurkako mozio batean. “Oinarrizko eskubideak urratzen dituen” eta “adierazpen askatasuna delitu bilakatu” nahi duen legea dela iritzita, Gipuzkoan ez aplikatzeko konpromisoa hartu dute. Pozteko moduko berria, zinez. Ordea, Mozal legea momentuz behintzat ez, baina, ez al dira ari Gipuzkoako eta Donostiako arduradun politikoak non eta Batzar Nagusien pareko Gipuzkoa Plazan edota Bulebarrean, Mozal Legearen logika bera aplikatzen ari? Ez al dira ari “oinarrizko eskubideak urratzen” eta “adierazpen askatasuna delitu” bilakatzen? Zintzoki, baietz uste dugu.

Eleak/Libre dinamikatik, askotan azpimarratu dugu guztionak diren oinarrizko eskubide zibil eta politikoen defentsa guztion artean egitearen garrantzia. Baina hainbatetan esan dugu ere, eskubideok berreskuratuko baditugu, hauen errespetua eskatzea baino are eraginkorragoa dela nork bere borroka eta ekimenetan eskubide horiek normaltasun osoz erabiltzea. Udal Ordenantzak, poliziek, Mozal Legeak edo unean uneko aginteak onartuta izan ala ez. Zentzu horretan, Gipuzkoa Zutik! ekimenak egiten ari den espazio publikoaren erabilera babestu besterik ezin dugu egin eta, nola ez, baita Ipar Euskal Herrian garatzen ari den borroka ere, Ipar Euskal Herrira bezalaxe, Hego Euskal Herrira ere iritsi baita oraingoan Nuit Debout mugimenduaren oihartzun zabala, mugaren alde bakoitzak bere ezaugarriak baditu ere. Espazio publikoa merkantilizazioari zabaldu eta herritarroi ixten zaigun garaiotan, plaza batean elkartze hutsa esanahiez beteriko keinua delako. Zeresanik ez, plaza hori herritarroi lapurtzen zaizkigun eztabaidak plazaratzeko erabiltzea. Ez daitezela etxera joan. Ez zaitezte etxera joan. Ez gaitezen etxera joan.

Asier Coloma eta Garazi Rodriguez

Donostiako Eleak/Libre dinamika

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude