Lehentasuna espazio publikoa “ekonomia sustatzeko” erabiltzea dela esanez argudiatu du Judimendiko jaiak egiteko debekua udalak, auzoko Jai Batzordeak salatu duenez. Erabakia gogor kritikatzeaz gain, egitaraua moldatu dute, “historiako jai aldarrikatzaileenak” ospatzeko asmoz.
Jaien ohiko prestaketa duela zenbait hilabete hasi zuen Judimendiko Jai Batzordeak. Osasun krisiari erantzunez, azken asteak egitaraua moldatzen eta jarduera bakoitzerako segurtasun neurriak zehazten eman dituela azaldu du batzordeak, “kontsumoa eta alkohola oinarri izango ez zituen” eskaintza helburu.
Espazio publikoa, ekonomia sustatzeko
Baina udaletik “debeku borobila” jaso duela salatu du jai batzordeak, jarduera guztiak galaraziz “aukerak eta protokoloak aztertu gabe”. Ziurtatu du ekimen bakoitzerako zehaztutako neurriek segurtasun arau guztiak betetzen zituztela. “Lehentasuna espazio publiko hori hiriko ekonomia suspertzeko erabiltzea dela diote agirian”, azaldu du, azpimarratuz batzordea ez dagoela “taberna eta komertzioen” ekonomia suspertzearen aurka, baina hori ezin dela erabili “aitzakia” bezala “auzoak auzoarentzat modu autogestionatuan antolatutako ekintzak debekatzeko”. Konfinamendu ostean auzoko jaiak, osasunarentzat arriskutsuak izatetik urruti, auzokideen mesederako direla nabarmendu dute.
Jai aldarrikatzaileak debekuen gainetik
Prestatutako jarduera ugari urtebetez atzeratzea erabaki du jai batzordeak, baina beste asko mantenduko dituzte eta bi manifestazio izango dira. Jaiei hasiera ostiral arratsaldean emango zaie, burrunba batekin. Kaleetan auzoaren argazkiak egongo dira ikusgai, eta hainbat tabernatan bideoak emango dituzte auzoaren memoria lantzeko, besteak beste. Umeentzako eta gazteentzako jolasak eta tailerrak ere prestatu dituzte. Larunbat gauean kulturaren aldeko manifestazioa egingo da, “Sutan kultura, zugan kultura” lelopean. Ekainaren 24ko gauean, urtero legez udako solstizioari ongi etorria emango zaio Judimendin, aurten, manifestazio herrikoi batekin. Bertan izango dira momotxorroak, zanpantzarrak, dantzariak eta musikariak.