argia.eus
INPRIMATU
Estatuei ETAren desarmatzean inplikatzeko eskatu diete Urkulluk eta Etchegarayk lehen bilera ofizialean
  • Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria eta Jean-René Etchegaray  Euskal Elkargoko presidentea asteazkenean bildu ziren lehenbiziko aldiz. Argazkiak badu pisua, Bidasoaren bi aldeetako euskal erakundeen lehen bilera ofiziala zelako.

ARGIA @argia 2017ko otsailaren 02a
Urkullu eta Etchegaray bileraren aurretik (argazkia: Irekia).

Argazkiaz gain, ordea, mezu bateratua emateko probestu zuten bi ordezkari politikoek bilera. Espainiako eta Frantziako Estatuei ETAren desarmatzean engaiatzeko eskatu zieten, “indarkeriaren amaiera ordenatua” lortze aldera.

“Biok partekatzen dugu Aieteko adierazpenean parte hartu izanaren esperientzia eta biok daukagu indarkeriaren amaiera ordenatua izan beharko litzatekeenari buruzko ikuspegi bera”, azaldu du Urkulluk. EAEko lehendakariaren esanetan “inspirazio humanista kristautik” begiratzen diote aferari, eta ikuspegi horretatik ulertzen ditzute “biktimen memoria eta desarmatze plan batetik bideratu litezkeen urrats guztiak”.

Euskal Elkargoko ordezkari bat EAEn

Nagusiki politika publikoez hitz egin zuten bi ordezkariek Europa Press agentziaren arabera, bi aldeetako erakundeen arteko elkarlan aukera berrietan fokua jarriz.

Alde horretatik, Etchegarayk borondatea adierazi du “mugaz gaindiko” ordezkari bat ezartzeko Euskal Autonomia Erkidegoan, Mediabaskek informatu duenez.

Buruzagi zentristak gogoratu du lehenagotik bazirela maila instituzionaleko harremanak EAEren eta Ipar Euskal Herriaren artean, bereziki Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euro-erregioa.