argia.eus
INPRIMATU
Espainiarentzat zaila izango da Anna Gabriel Suitzatik estraditatzea
  • Anna Gabriel CUPeko kideak Espainiako Auzitegi Gorenean ez aurkeztea eta Genevan (Suitza) geratzea erabaki ondoren, Espainiako medioak haren balizko estradizioari begira jarri dira. Baina, aukera horren alde agertzen diren hedabideek ere, ez dauzkate gauzak argi.

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 21
Anna Gabriel Suitzan dago eta ez da Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrera joango.

El País egunkariak gaia aztertu du ikuspegi juridikotik, Reyes Rincón eta Fernando J. Pérezek sinatutako artikulu batean. Gabrielen estradizio prozesua luzea izan daitekeela uste dute eta haren “arrakasta” ez dagoela ziurtatuta.

Izan ere, artikuluaren arabera, Suitzako legediak estradizioa ukatzera derrigortzen du, balizko delituak Suitzako legislazioaren ikuspegitik “izaera nagusiki politikoa” baldin badauka. Hain zuzen argudio hori erabili du Anna Gabrielek herrialdeko kazetari bati egindako lehen adierazpenetan: “Nire jarduera politikoarengatik prozesatu naute eta Gobernuaren prentsak dagoeneko kondenatu nau”, esan zion Gabrielek Le Temps egunkari suitzarrari.

Gainera, El Paísek, Suitzako Justizia Ministerioko iturriak aipatuz, azaldu du herrialdean ez dutela ikusten estradizioa baimentzeko oinarri juridikorik.

"Sedizio" delituaren trikimailua

Ñabarduretan sartuta, Gabrieli leporatzen zaizkion delituetako batek gutxienez bi herrialdeetan zigortuta egon behar luke eta El Paíseko kazetariek nabarmendu dute herrialdeko Kode Penalak 265. artikuluan zigortzen dituela “Konstituzioa edo kantoi bateko Konstituzioa biolentzia erabiliz aldatzea”, baita “biolentzia erabiliz eragoztea agintari politikoek euren boterea egikaritzea” eta “biolentzia erabiliz lurraldearen zati bat banantzea” ere.

Hori izan da Kataluniako erreferendumaz geroztik, auzi honen iltzeetako bat: independentzia prozesuarekin lotuta “sedizio” eta “matxinada” delituak leporatu nahi izan dizkiete ordezkari politiko independentistei, nahiz eta Kode Penalak delitu horiek metodo biolentoekin lotzen dituen –Kataluniako agintariek erabili ez dituzten metodoekin, alegia–.

Carles Puigdemont Belgikan egotearekin dauzkan problemen antzekoak edukiko lituzke Espainiak, beraz, Anna Gabrielekin. Diferentzia nabarmenena, estradizioa onartuz gero CUPeko kidea entregatzeko prozeduran legoke: Suitza Europar Batasuneko kide ez denez, EBko herrialdeen artean ohikoa den estradizio mekanismoak ez du balio kasu honetarako.

Gainera, Suitzako botere exekutiboak izango luke erabakian azken hitza. Eta Gabrielek asilo politikoa eskatuko balu, are gehiago zailduko litzaioke estradizioa Espainiari.