Espainiako arrisku sariak 500 puntutik gora hasi du gaurko eguna, euroa sortu zenetik markatutako mailarik altuenean. Zifra horrek erreskate-mailetan kokatu du Espainiako Estatua.
Espainiar bonuen interes-tasa, bestalde, %6,5ean zegoen gaur Burtsak zabaldu direnean. Europako Banku Zentralak (EBZ) esku hartu duen arren, interes-tasak ere goia jo du. EBZk Espainiaren –eta Italiaren– zorra erosi zuen atzo, eta arrisku-sariak jaistea lortu zuen, 460 puntura eraman arte. Espainiaren Altxor-bonuak erosita, espainiar zorraren gaineko presioa murriztu zuen Banku Zentralak, baina presio hori handitu egin da berriro. Bigarren merkatuetan, Altxor-bonuak –3.500 milioi euro– %7ko interes-mailarekin jarri zituen salgai Espainiak. Azken 14 urteotan sekula ez du tamainako interes-mailarik ezarri.
Europako beste herrialde batzuei dagokienez ere, tentsioa apur bat baretu zen atzo. Frantzian, adibidez, arrisku saria 174 puntutan kokatu zen, egunean zehar 200 puntuak gainditu bazituen ere. Italian, bestalde, 495 puntutan geratu zen, bezperan baino baxuago.