argia.eus
INPRIMATU
Espainiatik deskonektatzeko plana aurkeztu du Masek
  • Datorren irailaren 27an hauteskundeak dira Katalunian eta independentistek hauteskundeak gehiengo osoz irabazten badituzte, independentzia aldarrikatuko dute Legebiltzarrean.

ARGIA @argia 2015eko otsailaren 18a
Gobernu Kontseiluaren ondoren aurkeztu du Masek Espainiarekin deskonektatzeko plana. (Arg.: Vilaweb).

Egoera hori aurreikusiz, Artur Mas Generalitateko lehendakariak Espainiarekin deskonektatzeko plana iragarri du datozen zazpi hilabeteetarako. Plana nola garatu den baloratzeko beste agerraldi bat egingo du Masek hemendik eta sei hilabetera, hauteskundeen atarian.

Planaren helburu nagusiak:

Ogasuna eta gizarte segurantza. Eskumen hauek Madrilgo Gobernuaren esku dira eta bere sosak berak kudeatzeko, Kataluniak bere ogasuna sortuko du datozen hilabeteetan. Kataluniako gizarte segurantza ere sortuko da.

Atzerria. 2015-2018ko atzerri jardueraren legea garatuko da eta lehen urratsetan Austria eta Italiako ordezkaritzak indartuko ditu. Amadeu Altafajek gidatuko duen Europar Batasunaren aurreko ordezkaritza ere indartuko da.

Estatu azpiegituren plana. Estrategikoak diren sare, sistema eta ondare fisiko giltzarriak babesteko plana egingo da: ur hornidura, energia sistemak, mugikortasun eta logistika sistemak –trenbideak, errepide sarea eta aireportuak besteak beste–, edota telekomunikazioaren esparrukoak.

Izaera soziala. Lanpostuen sorrera, industria ehunaren indartzea, pobreziaren aurkako jarduera, hezkuntza eta osasun esparruen indartzea eta gardentasunaren legea garatzea. Bi mandatari berri gehitu ditu bere gobernura: Nuria Bassols epailea arduratuko da gardentasunaz eta orain arte Trantsizio Nazionalerako Kontseiluko lehendakari izan den Carle Viver i Pi Sunyer trantsizio nazionalaz.