argia.eus
INPRIMATU
Espainiar multinazional bat arduratuko da Europa etorkinez “babesteaz”
  • Espainiako GMV enpresak lortu du Europar Batasunaren Eurosur proiektuaren esleipena. Helburu nagusia, “migrazio irregularra gutxitzea eta segurtasuna handitzea”.

Unai Brea @unaibrea2 2014ko martxoaren 19a
Migrazio politika hobea sustatu beharrean mugen kontrola areagotuko dela salatu dute kolektibo sozialek. Argazkian, Espainiako Estatura iritsi berri diren pertsonak Melillan atxilotuta (irudia: Eldiario.es).

Hala irakur daiteke albistearen berri eman duen Infodefensaren, alegia, espainiar armagintzaren patronalaren webgunean. “Mugak kontrolatzeko proiektua”, diote izenburuan.

GMV lau urtez arituko da Eurosurren lemazain, proiektua pilotu izatetik “eremu operazionalera” bitarteko trantsizioaren gidaritza egiten, hamabi milioi euroren truke.

Schengen eremuan migratze irregularrak murriztea, itsasoan itotzen diren etorkin irregular kopurua jaistea –ez gara asmatzen ari, halaxe dio–, eta kanpo mugetan delituak prebenituz EBren barne segurtasuna handitzea dira Eurosur sarearen xedeak, Infodefensak hizkera korporatiboz dioskunez.

Militarismoaren aurka diharduen Utopía Contagiosa kolektiboaren webgunean beste modu batez deitzen diote gauza berari: “Behin baino gehiagotan salatu dugu EBren migrazio-politika gero eta lerratuago dagoela ikuspuntu militarrerantz”. 

Hots, migrazio irregularrari aurre egiteko, legearen barruko migrazioa sustatu beharrean, mugen kontrola areagotu egiten da eta kito. “Erretorika gutxiagorekin esanda, kontua ez da ‘migrazio irregularra gutxitzea’, erreprimitzea baizik, besterik gabe”.

“2012an, 72.000 pertsonak baino gehiagok zeharkatu zituzten klandestinoki EBren mugak”, dio Infodefensak. Eta jarraian, zifra hori nola murriztu nahi duten esplikatzen dute: “Sistema berriarekin, herrialdeek ia denbora errealean partekatu ahal izango dituzte EBren kanpo mugen segurtasunerako garrantzizkoak diren datuak”.

Satelite bidezko irudiak, eguraldi-aurreikuspenak, ontzien kokapena… Horra, GMVk  hamabi milioiren ordainetan emango duen informazio baliotsua.