Espainiako Estatuko zamaketariek grebara deitu dute beren lan baldintzen defentsan

  • Espainiako Sustapen Ministerioak beren lan baldintzak nabarmen kaltetuko dituen lege-dekretua indarrean sartu nahi du, Europatik datorren eskakizuna betetzeko. Erantzuna emateko estatuko zamaketariek greba iragarri dute otsailaren 20, 22 eta 24rako, orduak tartekatuz, bakoitietan.


2017ko otsailaren 14an - 14:05
Zabalpen handia izan zuen La Havreko portuko langileen borrokak.

Gatazkaren erroa 2014an dago; Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak portuko legedia aldatzera behartu zuen Espainiar Estatua, isuna jartzeko mehatxuarekin. Sektoreko sindikatuak, patronala eta Ana Pastor garai hartako Sustapen Ministra biltzen hasi ziren adostasunean oinarritutako legedi eraldaketa erabakitzeko. 2015eko uztailean, sindikatuak eta patronalak proposamen bat aurkeztu zioten gobernuari. Testuak oinarrizko adostasuna biltzen zuen, eta Europako eskakizuna betetzen zuen. Baina azken urteetako hauteskunde prozesu luzearen aitzakiarekin ez zuten erantzunik jaso. Azkenean, eta iragan abenduan biltzeko eskaera bati muzin eginda, Iñigo de la Serna ministroak lege dekretua aurkeztu zuen alde bakarrez.

De la Sernak indarrean jarri nahi duen dekretuak zamaren sektorea liberalizatuko du. Ezein enpresak portu publiko batean zamaketa jarduerak egin behar baditu Portuko Zamaketarien Kudeaketarako Sozietate Anonimora (SAGEP) jo behar du zamaketarien lana eskuratzeko. Horrek, lan baldintza sendoak eskaintzen dizkie bartako langileei, kolektibo indartsu bat osatzen baitute. Baina erreformak edozein enpresa pribaturen esku utziko luke sektorea. Zamaketariek salatu dute erreformak aurreikusten dituen eraldaketek aldi baterako laneko enpresa bilakatuko dituela sektoreko enpresak, eta beren lanpostuen baldintzak kaskartu egingo direla.

Zamaketarien lanak baldintza gogorrak ditu, ordutegi ezegonkorrak, lan istripu arrisku handia, eta oinarrizko soldata bat eduki arren, egindako jardueraren arabera aldatzen da. Egun, zamaketarien batez besteko soldata gordina 67.797 eurokoa da, eta 1.542 ordu lan egiten dituzte. Dekretuarekin, soldata gordina 26.934 eurotara jaitsiko litzateke, eta lan orduak 1.876ra igoko lirateke; %60ko soldata jaitsiera esan nahi du horrek.

Horrek zamaketarien sumina eragin du, eta grebarako deialdia zabaldu dute. Zamaketarien jarduera gako garrantzitsua da merkataritzarentzat. Espainiar Estatuko nazioarteko garraioaren %67 itsasoz heltzen da, eta zamaketaririk gabe, garraio bide horrek ez du funtzionatzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zamaketariak borrokan
2020-10-21 | ARGIA
Greba bi astez luzatuko dute Bilboko portuko zamaketariek

Bilboko Estiba enpresa eta portuko zamaketarien artean dagoen lan-gatazkak ez du amaierarik: langile batzordearen gehiengoak greba deialdia luzatu du bi astez, azaroaren 9ra arte. 


2017-06-15 | Aiaraldea
Txema Landeta (zamaketaria)
"Portuaren heriotza ekidin behar dugu zamaketariok"

Txema Landeta Largo (Lutxana, 1962) Arrankudiaga-Zollon bizi da. 16 urte zituenean hasi zen portuan lan egiten, mekaniko gisa hasieran eta zamaketari moduan gero. 48 orduko grebari ekin zioten asteazkenean Espainiako Estatu guztiko zamaketariek. Bizi duten egoeraren inguruan... [+]


2017-06-14 | Xalba Ramirez
zamaketarien dekretuaren ostean
Bilboko portuko edukiontzien terminala multinazional txinatar batek erosi du

Cosco Shipping Ports Hong Kongeko multinazionalak, espainiar estatuko portuen edukiontzien jabe den enpresaren %51 erosi du.


Zamaketariek greba atzera bota dute beste behin, negoziazioei leku egiteko

Espainiako Estatuko zamaketarien lanuzteak maiatzaren 23an ziren hastekoak, baina lehen bost greba egunak bertan behera utzi dituzte sindikatuek eta patronalak adostutako aurre-akordioa dela eta.


Zamaketariek EAJri aurpegiratu diote haiek kaleratu nahi izatea

Bilbo eta Pasaiako zamaketariek protesta egin dute Bilboko portuan eta EAJri aurpegiratu diote “langileen aldarrikapen zilegiekin negozioa egin nahi izatea”; zamaketaren liberalizazioaren alde bozkatu zuen EAJk Espainiako Kongresuan.


Eguneraketa berriak daude