argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Estatuan indarkeria matxistagatik emandako epaien %70ean zigorrak ezarri ziren
  • 2019an, 51.790 epai eman ziren eta haietatik 36.534tan salatutakoei zigorrak ezarri zitzaizkien. Orain arteko kopuru handiena da, gutxigatik bada ere.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 16a
Indarkeria matxista salatzeko egindako elkarretaratzea Zumaian. Argazkia: Gorka Zabaleta / Baleike.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Etxeko Indarkeriaren eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiak eman ditu datuak. 2019ko datu zehatza %70, 54 da eta 2018koa berriz ia-ia parekoa: %70,45.

Emakumeen aurkako indarkeriaren epaitegietan izan dira ehuneko handienak, batez beste %87,89. Epaitegi horietan kasurik arinenak lantzen dira eta aldeen artean adostasuna dagoenean. Probintzia-audientziek kasurik larrienak jasotzen dituzte eta ehunekoa 82,51koa izan da 2019an. Zigor-arloko epaitegiek kasu larriak izaten dituzte, baina zigorra ez da bost urteko espetxealditik gorakoa izaten. Epai horien %57,84k salatutakoa zigortu zuen.

2019an 168.057 salaketa jarri ziren indarkeria matxistagatik, 2018an baino 0,67 puntu gehiago. Salaketa horiek 161.378 biktimak jarri zituzten; batzuek salaketa bat baino gehiago jarri zuten.

Salaketen %72 baino gehiago biktimek beraiek jarri zituzten, %13 poliziaren esku-hartzearen ondorio izan ziren, eta %2,6 senideek edo ingurukoek jarri zituzten.

Salaketa jarri zutenen %10,66k erasotzailearen aurka ez deklaratzea erabaki zuten.