argia.eus
INPRIMATU
Espainian egunkariak bankuen esku daudela esan duen kazetaria 'El País'-etik kanpo
  • Miguel Angel Aguilar kazetaria kaleratu du El Paísek, The New York Timesen Espainiako prentsaren independentzia eza salatu eta sei egunera. Egunkari estatubatuarrari adierazi zion egunkariak hartzekodunen menpeko direla, eta El Paísen egoera “zentsura mailara” iritsia litzatekeela. Infolibre atariak jaso duenez, Aguilarren inguruko iturriek baieztatu dute kaleratzearen atzean artikulu horretan adierazitakoak daudela: “Iritzi buruak esan zion artikuluan salatzen zuen presioaz libratzeko kolaborazioa etengo ziotela”.  

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko azaroaren 11
Aguilarrek 1994tik zeraman El Paísentzat astero zutabe bat idazten.

Infolibre atariak jaso duenez, Aguilarren inguruko iturriek baieztatu dute kaleratzearen atzean artikulu horretan adierazitakoak daudela: “Iritzi saileko buruak esan zion artikuluan salatzen zuen presioaz libratzeko kolaborazioa etengo ziotela”.  

The New York Timesek “Gobernuak eta zorrak Espainiako hedabideak itotzen ditu” goiburua duen erreportajea publikatu zuen iragan ostiralean. Bertan, Espainiako hedabideek gobernu zein hartzekodunen aldetik jasotzen dituzten presioak salatzen dituzte Espainiako estatuko hainbat kazetarik: Aguilarek berak, Ignacio Escolarrek eta Pedro J. Ramirezek, kasu. Aguilarren esanetan, Espainiako egunkariak inbertsoreen esku daude, eta “menpekotasun horrek” kazeten egiazkotasunean “min izugarria” egin du. “El Paísen lan egitea ametsa zen edozein kazetarirentzat, baina orain bertan lan egiten duen jende asko gogaituta dago. Batzuetan zentsuratzen denaren sentsazioa dute”.

Aguilarrek 1994tik zeraman El Paísentzat astero zutabe bat idazten, eta berriki Ahora astekaria sortu zuen. Halaber, Cadena Ser-ekin ere kolaboratzaile lanetan dihardu. Irrati kate hau, El País bezalatsu, Prisa Taldearen barruan dago, baina kazetariaren gertuko iturriek azaldu dutenez, momentuz ez dakite ezer Seri buruz. Hauek egunkariak kazetariari emaniko tratua deitoratu dute: “Kontratatzerakoan zuzendariak deitu zion; kaleratzerakoan, ordea, iritzi-buruak”.