argia.eus
INPRIMATU
Espainiako zor militarra: 1.440 milioi euro “ezkutatuta”
  • Utopía Contagiosa kolektiboak aurkeztu duen Deuda militar, deuda ilegítima, deuda odiosa (Zor militarra, zor bidegabea, zor gorrotagarria) txostenaren arabera, Espainiako zor militarra 5.592,48 milioi eurokoa izango da 2013an. Horietatik 1.441,46 ezohiko zorra dira, alegia, Estatuak emandako kreditu berezietatik eratorritakoa. Armak erosteko eta atzerrian esku-hartze militarrak ordaintzeko erabiltzen dira kreditu horiek.

Unai Brea @unaibrea2 2013ko abenduaren 11
Tankea espainiar armadaren desfile batean (Arg.: Oscar in the middle-CC By SA).

“Mozorrotutako gastu militarra da”, adierazi du Juan Carlos Rois Alonso txostenaren egileetako batek. Gastu horiek egin beharra, sarritan, aurreikusita dago, kontratu batean agertzen direlako. Baina ez dira estatuko aurrekontu orokorretan agertzen, “itxura txarra ematen duelako gastu sozialerako dirurik ez dagoela esan eta aldi berean armagintzaren industriari ordaintzeak”, txostengileen esanetan.

Gainerakoa interesei eta zor arruntari dagokie. Horretan ere “ezustekoak” daudela salatu dute Utopía Contagiosako kideek. Izan ere, zorra hamahiru ministeriotako aurrekontuen artean banatuta dago, eta ez, espero zitekeenez, Defentsakoan bakarrik. Azken horrek gastu militarraren %40 baino gutxiago hartzen du bere gain.

2014ko kopuruak antzekoak izango direla ohartarazi du, azkenik, kolektibo antimilitaristak. Esan dutenez, aurrekontu orokorretan 5.700 milioi euro inguru aurreikusi dituzte Defentsarako. Aldiz, enplegua sustatzeko 4.000 milioi eta hezkuntzarako 2.150 besterik ez dira bideratuko, hurrenez hurren.