argia.eus
INPRIMATU
Espainiako segurtasun indarrek lurraldetasun-plusa eskatzen dute “euskal gizarteak baztertzen” dituelako
  • ETA deseginda egon arren Espainiako poliziak bazterketa soziala pairatzen jarraitzen duela adierazi du SUP polizien sindikatuak Publiko egunkarian.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko uztailaren 16a
Barne ministerioaren esanetan, 1.929 polizia eta 3.865 guardia zibil daude Hegoaldean gaur egun.

Dagoeneko ETA gabeko garai berriak direla eta maiatzean Jon Inarritu EH Bilduko senatariak Espainiako Gobernuari eskatu zion lan-sari bereziaren inguruan azterketa sakona egiteko.

Espainiako poliziek eta guardia zibilek kobratzen dute lurraldetasun-plusa, eta hau lurralde bakoitzeko errealitatearen arabera desberdina da, arriskugarritasuna eta beste faktore batzuk kontuan hartzen direlako.

“Zorionez ez dugu ETAren terrorismorik baina segurtasun indarrei bazterketa soziala egiten zaie”, adierazi du SUPeko arduraduna den Ramon Cossiok; euskal gizartean “integratzea zaila” dela ere salatu du.

Barne ministerioaren iturriek adierazi dutenez, goiz da lan-sariari buruzko erantzun bat emateko eta aurrerago bilduko dira Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, Goardia Zibila, Polizia Nazionala eta hauen sindikatuak gaiaz aritzeko.

Lurraldetasun plusa 32 urtez dago indarrean

2011. urtean ETAk bere jarduera armatua utzi zuenetik, lan-sari hau kendu edo gutxitu beharrean igo egin dute.

Euskal Herriko Espainiako Poliziak eta Goardia Zibilek  653 euro kobratzen dute batez beste 1986. urteaz geroztik. Estatuak urtean, 246 milioi euro inbertitzen ditu lurraldetasun-tasan.

Jon Inarritu senatariak plus hauek desagertzea eskatu du eta Guardia Zibila eta Espainiako Poliziak Euskal Herritik ateratzea. Barne ministerioaren esanetan, 1.929 polizia eta 3.865 guardia zibil daude Hegoaldean gaur egun.