argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Poliziaren Twitter kontuak goraipatu egin du Frankismoan “grisek” emandako “zerbitzua”
  • Espainiako Poliziaren Twitter kontu ofizialak astelehen gauean bidalitako mezua zeresana ematen ari da.

ARGIA @argia 2015eko martxoaren 24a
Espainiako Poliziak astelehen gauean bidalitako txio polemikoa.

Indar polizialaren bi mendeko historia Playmobilen bidez gogora ekarri dute, tartean Frankismoan agenteek janzten zuten uniforme grisa ere sartuz.

“Ia bi mende, bi helbururekin: segurtasuna eta herritarrari zerbitzua. Bokazio berdina, uniforme desberdinekin”, dio Espainiako Poliziaren kontu ofizialak bidalitako txioak.

Azpian, lau Playmobil panpina agertzen dira, uniforme desberdinekin, tartean diktadura garaian egindako errepresio bortitzarengatik ezaguna egin zen gris kolorekoa.

Esanguratsua da, bestalde, gaur egungo uniformea jantzita daukan panpina dela lauretatik eskuan armarekin agertzen den bakarra.

Txioak hainbat erabiltzaileren haserrea eragin du Twitterren.