argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Poliziaren laugarren infiltratua argitara atera du La Directak, oraingoan Gironan
  • Emozio eta sentimenduetan oinarritutako infiltrazio estrategiak baliatu ditu Espainiako Poliziak, Kataluniako ezkerreko hainbat mugimendu eta eragiletan sartzeko. Laugarren kasu honetan, ezkutuko poliziak, etorkin adingabeen aldeko eta etxebizitza sindikatuen mobilizazioetan eta asanblada irekietan parte hartu duela salatu dute.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko uztailaren 14a
Espainiako Polizia infiltratua Giroako manifestazio batean . Argazkia: Directa

Espainiako Poliziaren laugarren infiltratua atera dute argitara Herrialde Katalanetan, oraingoan Gironan. La Directa hedabideak egindako ikerketaren ondorioz zabaldu dute kasua.

Espainiako Poliziak 2020an martxan jarritako infiltrazio olatuaren laugarren hanka da. Kasu honetan, poliziak Maria Perelló Amengual gisa aurkezten zuen bere burua. 2012 eta 2015 urte bitarte kriminologia ikasketak egin zituen, eta 2017an Polizia eskolan hasi zen Ávilan (Espainian). Lehendik argitara atera diren infiltrazio kasuek bezala, Espainiako Poliziaren 33º promozioko kide da.

2020ko ekainean etorkin adingabeentzat “ogia, bizitokia, paperak eta lana” aldarrikatzen zuten mobilizazioetan parte hartu zuen. Ondoren, La Directaren esanetan, Gironako militante bat ezagutu eta bikote harreman bati ekin zioten. Horri esker, erraztasun handiagoak izan zituen Gironako mugimendu sozialak eta independentistak gertutik bizi eta ezagutzeko. Esaterako, 2018ko urriaren 1ean auzipetuak izan zirenen (21Raons kasua) eta haien abokatuen arteko bileran egoteko aukera izan zuen, auzipetuen defentsa guztiaz jabetu zelarik.

Gironako etxebizitza sindikatu, asanblada ireki eta Pablo Haselén askatasunaren aldeko mobilizazioetan ere parte hartu zuen poliziak besteen artean. Gainera, Gironako martxoaren 8ko koordinadorara sartzeko saiakera egin zuela ere gaineratu du hedabideak.

Gironako herri mugimenduetan oso ezaguna den ekintzaile batekin (Òscar C) harreman sentimentala sortu zuen espia espainiarrak. Argazkia: La Directa

"Niri egindako erasoak ez dauka izenik, ni eta nire familia suntsitu ditu", salatu du poliziaren bikotekide izandako militanteak. Bere “borondate onenarekin” harreman bat hasi zuela eta “engainatua” sentitzen dela azpimarratu du. Berarentzat infiltrazioaz ohartzea eta onartzea inoiz imajinatuko ez luken tortura izan dela dio.

Salaketa

Prentsaurrekoa egin dute Espainiako Poliziaren infiltrazioa salatzeko, Alerta Solidáriak deituta.