"Espainiako poliziak errefuxiatuak ere torturatzen ditu, mugetan"

  • 1988an jaioa, Saharan. 2011tik bizi da Euskal Herrian, Bilbon lehenik eta egun Hernanin. Saharar Kontseiluko Giza Eskubideen Komiteko kidea da. Mintzo zaigu bere kasuaz, torturaz, Saharaz, paperik gabe bizitzeaz, gero eta polizialagoa den Europaz...


2018ko uztailaren 13an - 10:46

Errefuxiatu politiko estatusa lortua duzu. Irabazi zenuen Marokoren eskutan erortzeko borroka.

"Espainiaren eta Marokoren arteko interes ekonomikoak giza eskubideen eta pertsonen gainetik daude. Lotsagarria da"

2011n asilo politikoa eskatu nuen baina 2016an Espainiako Barne Ministerioak ukatu egin zidan eta 15 eguneko epean estatutik ateratzera behartu ninduen. Ukapen horrekin, Barne Ministerioak onartzen du ni bizi osoko kartzelara kondenatu ninduen Marokoko auzitegi militarra, nazioarteko hainbat erakundek eta baita Europar Batasuneko Giza Eskubideen komisioak ere auzitegi militar hau salatua duten artean. Ukapen horrekin oso ongi ulertu dugu: Espainiaren eta Marokoren arteko interes ekonomikoak giza eskubideen eta pertsonen gainetik daude. Lotsagarria da. Segur aski Marokok Espainia presionatu zuen asiloa ukatu ziezadan.

Borroka luzea egin genuen Audientzia Nazionalean ezin konta ahala agiri aurkeztuz, torturatua izan nintzela agertzen dutenak: Marokoko auzitegietan jarritako salaketak, nazioarteko erakunde askoren babesa, Istanbuleko protokoloak berretsi zuen torturatua izan nintzela fisikoki eta psikologikoki...

Babesik handiena herritarrek eman didate. Nire aldeko manifestazio asko egin ziren, jendea kalera atera zen, mozio asko onartu ziren udal eta parlamentuetan... Niretzako hunkigarria izan zen, Hernanin jendeak kalean gelditzen ninduen eta esaten zidan "badugu baserri bat, ezkutatu nahi baduzu", edo "beste herrialde batera eraman zaitzakegu"... elkartasuna izugarria izan zen.

Azkenean, 2016an, lortu nuen errefuxiatu politiko estatusa, Audientzia Nazionalak horren aldeko sententzia atera baitzuen.

Badakizu zer den urte luzetan paperik gabe bizitzea.

"Jendea ikusten duzu lasai asko bere NANarekin paseatzen, eta zu aldiz, etorkina izateagatik, behin eta berriz  gelditzen zaitu poliziak. Mina ematen du, zu ez zara eskubideak dituen pertsona"

2011n iritsi nintzenean txartel gorri bat baino ez nuen. Horrekin ezin da mugarik zeharkatu. Beldurra ematen du, txartel horrekin estatu barruan bidaiatzeko ere ez dizute hegazkina hartzen uzten batzuetan... poliziek kalean etengabe geratzen zaituzte, galdetzen dizute txartel hori zer den, beti azalpenak eman behar eta askotan ez dute txartel hori baliozkotzat hartzen... oso gogorra da, jendea ikusten duzu lasai asko bere NANarekin paseatzen, eta zu aldiz, etorkina izateagatik, behin eta berriz eta etengabe gelditzen zaitu poliziak. Mina ematen du, zu ez zara eskubideak dituen pertsona.

Egun, egoera normalizatuagoa daukat. Txartel bat daukat bost urtero berritu beharrekoa. Baina ez naiz europar hiritarra. Ezin dut bozkatu. Pasaporte urdin bat daukat, munduko herrialde ia denetara bidaiatzeko aukera ematen didana, Marokora salbu.

Espainiar naziotasunik ez duzu nahi.

Ez noski. Adibide bat: Saharako eremu okupatura atzerritarrak datozenean, jatorriaren arabera Marokoko autoritateek ezberdin tratatzen dituzte. Espainiarrak gaizki tratatzen dituzte eta jo ere bai. Frantsesak edo alemanak, aldiz, ez. Espainiako naziotasunak ez dit balio.

2012-2013an kanariarrak joan ziren eta Marokoko poliziek bortizki jo zituzten. Hilabete batzuk geroago, alemaniar batzuk herrialdetik bidali baino ez zituzten egin. Alemaniako Gobernuak galdetu egin zion Marokori, ea zergatik bidali zituen alemaniar herritarrak. Espainiak, bere herritarrak jipoituak izanik, ez zuen txintik esan.

Zure desioa non bizitzea da?

"Bizi osoko kondena daukat, itzultzen banaiz kartzelara joango naiz. Itzultzeko aukera bakarra Sahara libre izatea da"

Nik beti bizi nahi izan dut nire herrian. Ni Bilbora hiru hilabeteko bisatuarekin iritsi nintzen. Ekintzaileentzako formazio bat egitera etorri nintzen eta ondoren itzuli egingo nintzen. Hona etorri eta hilabetera atera zen argitara nire aurkako agindua, eta beraz, bertan gelditzera behartuta sentitu nintzen. Oso gogorra izan da. Pozarren biziko nintzateke Saharako gure etxean, etxekoekin. Urteekin harremana aldatzen joaten da, senideak galtzen zoaz...

Zer aukera dituzu nahia betetzeko?

Bizi osoko kondena daukat, itzultzen banaiz kartzelara joango naiz. Itzultzeko aukera bakarra Sahara libre izatea da. Horregatik militatzen dugu, Saharako herritar denak bere herrira itzuli ahal daitezen. Bai errefuxiatu kanpamendutan bizi direnak, bai erbesteratuak garenok...

Gdeim Izik kanpaldi baketsuan parte hartzeagatik kondenatu zaituzte. Zer izan zen kanpaldi hura?

"Gdeim Izik kanpamendua antolatu genuen. 20.000 pertsona atera ginen kalera eta erabaki genuen ez etxera itzultzea gure eskubideak irabazi arte. Kanpamendu honek 28 egun iraun zituen, militarrek deuseztu zuten arte: haimak erre zituzten, jendea bortxatu, erail..."

Saharako okupatutako eremuan giza eskubideak urratzen ditu Marokok. Jendeak ez du lan egiteko eskubiderik, ez bere kultura izatekorik, ez bere hizkuntzetan hitz egitekorik... ekimen handi bat antolatzea erabaki genuen, nazioartean oihartzuna lortzeko eta blokeo informatiboa hausteko. Gdeim Izik kanpamendua antolatu genuen, El Aaiundik gertu eginiko protesta baketsua. 20.000 pertsona atera ginen kalera, era guztietakoak: emakumeak eta gizonak, zaharrak eta umeak... eta erabaki genuen ez etxera itzultzea gure eskubideak irabazi arte. Kanpamendu honek 28 egun iraun zituen, eta azaroaren 28an militarrak atera ziren kalera, eta haimak erre zituzten, jendea bortxatu, erail... horren ostean, jende asko kartzelatu zuten: egun 24 preso ditugu, horietatik 8 bizi osoko kartzelaldira kondenatuak eta gainerakoak 20-25-30 urteko kondenadunak. Auzitegi militarrak kondenatu zituen lehenik, eta zibilak ondoren. Astakeriak leporatzen dizkigute: erakunde armatua izatea, militarrak erailtzea... baina ez dute gure aurkako froga bakar bat ere. Erail omen ditugun militar hauen izenik ere ez. Beldur mezua zabaldu nahi dute, herritarrak gehiago kalera atera ez daitezen.

Nazioartean tortura salatzeko lan egiten duzu.

"Badakigu Espainian ere torturatzen dela, eta orain bereziki salatu behar dugu, Espainia Nazio Batuetako Giza Eskubideen kontseiluko kide delako. Mugetan ere torturak egiten dira. Melillan edo Atzerritarrak Sartzeko Zentruetan"

Nazio Batuek hainbat aldiz salatu dute Marokok saharar herriaren aurka erabili duen tortura, Sahara Mendebaldeko lur okupatuetan.

Badakigu Espainian ere torturatzen dela, gatazka politikoko eremuen aurka, Euskal Herriaz ari naiz. Eta nazioartean hainbat aldiz izan da horregatik kondenatua. Eta orain bereziki salatu behar ditugu tortura kasu hauek, Espainia Nazio Batuetako Giza Eskubideen kontseiluko kide delako. Zoritxarrez, estatu honetako tortura kasuak ez dira nazioartean ezagutzera ematen. Zeren Espainian tortura kasuak daudela esaten dugunean, jende askok ez du sinesten: " Europako herrialde batean? ezin liteke izan".

Mugetan ere tratu txar eta torturak egiten dira. Melillan edo errefuxiatuak sartzen dituzten Atzerritarrak Sartzeko Zentruetan (gazteleraz CIE)...

Errefuxiatu baten begietatik nola ikusten da Europa?

Europa lotsa da. Herrialdeen arteko hainbeste hitzarmen, errefuxiatu izateko eskubideari buruzkoak, etxe duin bat izateko eskubidearenak, libre izateari buruzkoak... eta lotsagarria da mugak itxita egotea. Albistegietan ikusten dugu milaka pertsonak bizia galtzen duela Mediterraneo itsasoan. Salatzen jarraituko dugu, Europa errefuxiatutako pertsonen eskubideen aurkako hitzarmenak egiten ari dela.

"Kalean polizia kotxe gehiago ikusten dira anbulantziak baino. Ospitaleetan gero eta langile gutxiago dago,  komisarietan gero eta  gehiago"

Politikariek saltzen digute Europa abegitsua dela. Baina ez da horrela. Horregatik ari dira hainbeste kolektibo borrokan, pertsonek hemen libre bizi ahal izan dezaten.

Europan gero eta kartzela gehiago irekitzen ari dira, gero eta Atzerritarrak Sartzeko Zentru gehiago... egun kalean polizia eta militarren kotxe gehiago ikusten ditugu anbulantziak baino. Ospitaleetan gero eta langile gutxiago dago, eta komisarietan gero eta polizia gehiago.

Herritargoa kontrolatu eta presionatu nahi dute, bere eskubideak eskatu ez ditzan. Hori bera ikusten dugu Mozal Legearekin, manifestazio eta aldarrikapenik egon ez dadin erabiltzen dute.

Zer da errefuxiatu bat?

"Errefuxiatu denak dira politikoak"

Edozein pertsona, bere herrian bizia arriskuan duena. Izan daiteke kontu politikoengatik, erlijiosoengatik, eskubide kontuengatik... dena dago politikarekin lotua funtsean. Hemen ditugun errefuxiatuak gatazketatik datoz, ez datoz motiborik gabe, libre bizitzeko leku bila baizik. Errefuxiatu denak dira politikoak.

 

Ondorengo bideoan, Hassana Aaliak "Inor ez da ilegala" leloari gehitu dion mezua:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Inor ez da ilegala
Bost urte inor ez da ilegala aldarrikatzen

Bost urtean, Inor ez da ilegala proiektuak lau haizetara zabaldu ditu migratzaileen eskubideen aldeko lelodun kamiseta, jertse eta poltsak; elkarlana eta elkartasuna oinarri dituen ekimenak istorio eta bizipen ugari oparitu dizkigu; eta zoritxarrez, inoiz baino biziago... [+]


2023-07-13 | Ilargi Manzanares
Texasen “harresi flotagarri” bat eraikitzen ari dira, migratzaileei bidea oztopatzeko

Neurria Texaseko (AEB) gobernadore Greg Abbott kontserbadorearen proposamena da. Migratzaileen aurkako beste hainbat politika erasokor aplikatu ditu aurretik: kontzertinen instalazioa, mugako patruilen sorrera, eta migratzaileen deportazioa estatu demokratetara autobusez.


2023-07-07 | Ilargi Manzanares
Irun eta Hendaia arteko mugaren “antzerki lotsagarria” salatu dute

Irungo eta Hendaiako herritarrak elkartu dira Santiago zubian, “Ireki zubiak, elkartasuna eraiki” lelopean ostegunean.


2023-07-05 | Ilargi Manzanares
Irun eta Hendaiaren arteko muga irekitzeko elkarretaratzera deitu dute, migratzaileen eskubideen alde

Uztailaren 6an, 18:00itan, Santiagoko zubian deitu dute kontzentraziora hainbat taldek, hala nola Bidasoa Etorkinekin, Irungo Harrera Sarea, edo Ongi Etorri Errefuxiatuak.


Hör Berlin eta legalitate kontu batzuk

Han agertu zen, Hör Berlinen, Brava DJa, bere txapela gorri eta guzti Inor ez da ilegala leloa zeraman kamiseta jantzita. Orain hilabete pasatako kontua da eta spoilerra egin badizut ere, irakurle, amaiera horixe duen istorio polita kontatuko dizut gaur.


Eguneraketa berriak daude