Maiatzaren 27an Sorian faxisten erasoa jasan zuen Ion Aranburu Antiguako (Donostiako) bizilagunak. Numancia eta Cornella futbol taldeen arteko partidua ikustera joan zen lagun batekin. Partidua hasi aurretik 50 faxista inguru agertu ziren zelaitik gertu dagoen taberna batera, eta bertan zeuden guztien aurka oldartu ziren, tartean Ion Aranburu. Asteak egon da koma egoeran Burgosko ospitalean, koma egoeratik atera zen ostiralean eta Donostiako ospitalera ekarri zuten. Medikuen arabera, bilakaera ona izaten ari da. Ionen lehengusu Iratirekin hitz egiteko aukera izan du ARGIAk.
Zein da gaur egungo egoera?
Ostiralean, ekainaren 23an, Donostiara ekarri zuten, baina Zainketa Intentsiborako Unitatean jarraitzen du. Traumatologoek eta medikuek esandakoaren arabera bilakaera ona da, aurrerapausoak ematen ari da.
Donostiara ekarri aurreko bi astetan ez nuen ikusi, eta esnatzeko prozesuan zegoen oraindik; begiak ireki nahian ari zen. Larunbatean, ordea, biziberrituta ikusi genuen: mugimenduak egiteko gai zen eta solasaldietan parte hartu nahi du. Ikusita egonkor dagoela esperantzaz beterik gaude, eta batez ere pozik.
Kolpe handia izango zen zuentzat, nola bizi izan duzue gertatua?
Bai, hala da. Inor ez dago prest antzerako egoera bati aurre egiteko, inork ez du espero berari gertatuko zaionik. Lehenengo hiru asteak tentsio handiko momentuak izan ziren, ez genekien zer gertatuko zen. Ingurukoei gertatu zenaren berri ematea, Burgosko ospitalera joan-etorriak, ez da inolaz ere samurra. Galdera asko egiten genizkion gure buruari, eta Burgosko ospitaletik medikuaren ohar bat iristen zen bakoitzean tripak mugitzen zitzaizkigun.
Behin gertakariak asimilatuta, egoera bestelakoa da. Zer esanik ez, egonkortu dela jakitean, asko lasaitu gara denak.
"Ikusita egonkor dagoela esperantzaz beterik gaude, eta batez ere pozik"
Nolakoa izan da Espainiako Poliziaren eta bertako komunikabideen jarrera?
Poliziarekin eta Soriako hedabideekin izan dugun harremana puntuala izan da. Erasoa gertatu eta ondorengo egunetan, ia egunero joaten ginen bertako polizia etxera. Sentsazioa izan dugu egoerari garrantzia kentzen saiatu direla. Hasiera batean, ez ziguten jaramonik egiten. Antza, atestatuan jarri zuten taldeetako zaleen arteko liskarra izan zela eta zauritu arinak egon zirela. Medikuaren txostenak erakutsi behar izan genizkien gertatu zenaren berri emateko. Orduan hasi ziren ikertzen.
Egia esan, konfiantza gutxi dugu Poliziarengan, hasiera-hasieratik adarra jotzen aritu baitira. Behin baina gehiagotan egon gara polizia etxean, hainbat txosten erakutsi dizkiegu, eta hala ere Ionek ze izen zuen galdetzen ziguten edo auzitan jartzen zuten ea Ionek zer egiten zuen partidu hartan.
Soriako hedabideek informazio oso gutxi eduki dute. Iritsi zitzaien informazio bakarra Poliziarena izan zen. Gu haiekin kontaktuan jarri ginenean, ordea, esaten genuenaren berri izan zuten. Iritsi zaigun informazioagatik, Poliziak ukatu egin die uneoro informazioa, datuen babeserako legea urratzearen argudiopean.
Norbait atxilotu dute?
Lau pertsona atxilotu zituzten, epailearen aurretik pasa ziren eta aske utzi zituzten. Badakigu Poliziak ikerketa abiatu duela, eta prokuradoreak izendatu direla. Daukagun informazio bakarra hori da.
Oraindik ezin daiteke jakin zein bide judizial egingo duen erasoak, ezin daiteke aurreikuspenik egin. Beste gizonezko bat ere jipoitu zuten taberna atarian eta bere senitartekoek kamera grabazioak eskatu dizkiete Poliziari, baina grabaziorik ez dagoela erantzun diete. Antza denez, kale horren bi aldeetako kamerak eta komertzio batzuetako kamerek ez zuten egun horretan ezer ere grabatu.
"Harritzekoa da erasoaren momentuan patruila bakarra gerturatu izana, eta zer esanik ez erasotzaile faxistak autobuseraino babestea"
Koordinatuta egon zen erasoa?
Hainbeste ez dakit. Baina harritzekoa da larritasun handiko partidu batean zerbait gerta zitekeela jakinda neurri gutxi jarri izana, beste edozein partidutan sekulako polizia operazioa antolatzen dutenean. Gainera, Poliziak berak esan zuen bazekitela hainbat talde elkartzekoak zirela partidu horretara joateko.
Harritzekoa da ere, erasoaren momentuan patruila bakarra gerturatu izana, eta zer esanik ez erasotzaile faxistak autobuseraino babestu izana. Gaizki pentsatzen hasita gauza itsusiak datozkigu burura.
Nolakoa izan da ingurukoengandik jaso duzuen babesa?
Hasieratik babestu dute Ion, bai familiakoek, bai lagunek baita ingurukoek ere. Oro har, babes handia jaso dugu, ingurukoak laguntza eskaintzeko prest daude beti. Realeko peñek ere asko lagundu digute, diru-bilketa martxan jarri dute, esaterako.
Euskal hedabideek esku-zabalik jaso gaituzue, beti egon zarete prest gertatutakoaren berri emateko, eta hori eskertzekoa da.
Ezin daiteke berdina esan politikariengandik, izan ere, EH Bildu izan da elkartasuna adierazi duen alderdi politiko bakarra. Donostiako alkate eta gainontzeko alderdiek ez dute ezer egin, ez dakit interes falta edo zer izan daitekeen.
Hemendik aurrera zer?
Ez dakigu prozesuak zer nolako bilakaera izango duen. Badakigu, ordea, prozesu judizialak gastu handiak ekarriko dituela, eta gure asmoa bide horri heltzea denez, prestatu egin behar gara. Bide horretan, diru-bilketa antolatu dute futbol peña batzuek, kamisetak jarri dituzte Antiguako tabernetan.
Bestalde, ezin daiteke jakin zein bilakaera izango duen Ionek. Horregatik ere, ongi etorria izango da laguntza.