argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Osasun Ministerioak erabakiko du konfinamendua arintzeko modua
  • Quim Torrak Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak erabakia autonomia bakoitzaren esku uzteko eskatu dute. Sánchezek esan du Osasun Ministerioak erabakiko duela, lurralde bakoitzaren osasun arloko gaitasunaren arabera. Urkulluk eta Chivitek umeak kalera atera ahal izatea eta kirola banaka egitea defendatu dute. Urkulluk saltokien irekiera graduala proposatu du ere.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 19a
Argazkia: Eldiario.es.

Espainiako Gobernuko presidente Sánchezen eta autonomia erkidegoetako presidenteen arteko seigarren bilera egin da igande goizean. Eldiario.es-en arabera, Sánchezek autonomietako ordezkariei adierazi die Batzorde Zientifikoaren gomendioak jarraitzen ari dela gobernua. Une honetan garrantzizkoena lehen mailako osasun arreta dela esan du, "kasu guztien diagnostikoa, jarraipena eta zaintza indartzea, baita arinena ere", eta konpromisoa eskatu die gainontzeko presidenteei, arreta hori indartzeko.

Hainbat gako eman ditu Sánchezek, maiatzaren 10ean hasiko den konfinamenduaren arintzeari begira: lehen mailako arretan kasu positiboen identifikazioa, horien isolamendua eta jarraipen estua eta kutsatutakoen lokalizazioa bermatzea dira lehentasunak, baita izan dituzten kontaktuen jarraipena ere.

Arintzea, gaitasun sanitarioaren arabera

Konfinamendua arintzeko prozedura progresiboa eta eremuka ezberdina izango dela azaldu zuen Sánchezek larunbatean, eta eremu horiek ez dutela zertan autonomien eta probintzien mugekin bat egin. Gaur esan du prozedura erabakitzeko orduan erabakigarriena ez dela izango kutsatuen kopurua, baizik eta eremu bakoitzaren gaitasun sanitarioa. “Konpromiso politikoa” eskatu die autonomietako presidenteei, lehen mailako arreta indartzeko.

Espainiako Gobernuko presidenteak erkidegoei eskatu die datuak gobernuari Osasun Ministerioak eskatu bezala eta zorrotz emateko –zenbait egiten ari ez direla ohartaraziz–. Hezkuntza arloan ere batasuna galdegin du, Murtzia, Madril eta EAEko erkidegoek Espainiako Gobernuak esandakoa ez dutela beteko adierazi eta gero.

Urkullu eta Chivite

Konfinamendua amaitzeko prozesua erkidego bakoitzak erabakitzea eskatu dute igande goizeko bileran Iñigo Urkulluk eta Quim Torrak. Sánchezek erantzun die bere nahia urratsak erkidegoekin “konpartitzea” dela, baina argi utzi du erabakia Espainiako Osasun Ministerioarena izango dela. Nafarroako lehendakari María Chivitek ez du gisa horretako eskaririk egin.

Bilera amaituta, adierazpenak egin dituzte EAEko eta Nafarroako lehendakariek. María Chivitek prentsaurrekoa eman du. “Zuhurtziatik”, esan du Nafarroa “prest” dagoela trantsizioari ekiteko, baina horretarako planifikazio zorrotza bete beharko dela. Nafarroako lehendakariak bat egin du Espainiako Gobernuaren jarrerarekin. Konfinamenduaren arintze prozesua “autonomia erkidegoen eskutik” eta bakoitzaren errealitatea aintzat hartuz egitea defendatu du. Apirilaren 27tik aurrera umeek ateratzeko aukera izatea babestu du, eta kirola etxetik kanpo eta bakarka egiteko arauak zehaztearen alde ere. Azken bi puntu horietan bat etorri dira Urkullu eta Chivite.

Horrez gain, Urkulluk saltoki eta negozio txikien pixkanakako irekiera ere proposatu du, "segurtasun neurri zorrotzekin eta pertsonen arteko distantzia gordez".  EAEko lehendakariak Twitterren adierazi du jendartean “prebentzioaren eta auto-babesaren kultura zibikoa finkatu” dela eta hori azaldu diola Sánchezi. Horren froga litzateke “aste honetan ekoizpen-jarduerara normaltasunez eta ia arazorik gabe” itzuli izana, lehendakariaren esanetan “enpresa bakoitzaren akordio eta lankidetza ereduari esker” erdietsi dena. Urkulluk Alemania eredu bezala ezarri eta subsidiariotasun-printzipioa aldarrikatu du: “Koordinazioa eta erantzunkidetasuna azpimarratu ditut erkidego bakoitzaren eskumen-esparruak eta errealitate sozioekonomikoak errespetatuko dituen normaltasun berrirako trantsizio-prozesua egiteko”.