Iratxe Fernandez de las Heras komikigile gasteiztarrak Huffington Post hedabide digitalaren gaztelaniazko bertsiorako lan egiteari utzi dio, webguneak monarkia espainiarra kritikatzen zuen biñeta bat zentsuratu ostean.
Gasteiztarrak bere Twitter kontuan igo duen biñeta baten bidez eman du albistearen berri; hedabideak bere biñeta argitaratzeari uko egin ondoren, berak ere “abdikatzea” erabaki duela esanez.
Zentsuratutako irudia Atxeren blog pertsonalean ikusi daiteke, gertatutakoaren azalpenarekin batera. Azaldu duenez, bere biñeta argitaratu gabe bi aste igaro ostean Prisa taldeko hedabideari arrazoiaz galdetu zion eta Montserrat Dominguez zuzendariak “ez zutela konbentzitu” erantzun zion. Marrazkigileak gaineratu du, biñeta ez zela “bereziki ziztatzailea, antimonarkikoa besterik ez”.
El Jueves-en dimititu zutenen webgune berria zentsuraren kontra
Hilabete hasieran El Jueves aldizkari espainiarrak ere Juan Carlos Borboikoaren inguruko azala zentsuratu zuen, arrazoia denbora arazoa izan zela argudiatuz. Ondorioz, azalaren egile Manel Fontdevila eta beste hainbat kolaboratzailek aldizkaria utzi zuten.
Dimititu zuten marrazkigile eta idazleek “Orgullo y Satisfaccion” komiki-webgunea sortu dute zentsurari erantzuna emateko. Bertan azaldu dutenez, ez dute "Juan Carlos Borboikoa agurtu eta Felipe VI.ari ongietorria" egiteko aukera alferrik galdu nahi.