argia.eus
INPRIMATU
Fragaren koadro bat kentzeko EH Bilduren eskaera ukatu du Espainiako Kongresuak
  • PP, VOXek eta PSOEk baztertu egin dute EH Bilduren eskaera. Aldiz, Podemosek Francoren diktaduran ministro izan zenaren koadroa kentzeko babesa adierazi du. Memoria Demokratikoaren Legea aplikatuz egin da eskaera.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 10
Espainiako Kongresuan dagoen Manuel Fragaren erretratuetako bat. Argazkia: Naiz.

Espainiako Kongresuak atzera bota du asteartean EH Bilduren eskaera, Memoria Demokratikoaren Lege berria aplikatuz, Manuel Fraga Iribarne ministro ohiaren koadro bat kentzeko.

PP, VOXek eta PSOEk baztertu egin dute eskaera, EFEri iturri parlamentarioek berretsi diotenez. Hauek Fragaren irudia nabarmendu dute eta Espainiako Konstituzioaren gurasoetako bat zela aldarrikatu dute.

Aldiz, Podemoseko ordezkariek babesa azaldu dute EH Bildurekin, Kongresuan eta Senatuan Fragaren koadroak kentzeko idazkiak aurkeztu ondoren bi ganberetan. Baita Frankoren diktaduran ministro izan zenari buruzko aipamen guztiak ere.

"PSOE, PP eta Voxek bat egin dute botoekin, Fragaren erretratuei eusteko eta Kongresua Memoria Demokratikoaren legea betetzetik babesteko. Martxoaren 3koa bezalako sarraskien ardura duen ministro frankista batek ezin du Kongresuaren aitorpena jaso", salatu du Twitter bidez Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak Espainiako Kongresuan.

 

Senatuak ez dio heldu eskaerari

Senatuko Mahaiak oraindik ez dio heldu EH Bilduren eskaerari, nahiz eta bere garaian uko egin zion Carles Mulet Compromis koalizio politikoko bozeramaileak Ganbera Garaiko korridore nagusian dagoen Fragaren bustoa kentzeko egindako eskaerari.

Kongresuak Fragaren koadro bat du, eta Senatuak hiru. Gainera, EH Bilduk Ganbera Behereko Batzorde Aretoaren izena aldatzeko eskatu du, Manuel Fraga Iribarne izena duena.

Hori guztia Memoria Demokratikoaren Legea aplikatuz egin da. Lege horren artikuluetako batean, "eraikin publikoei itsatsita edo eremu publikoan kokatuta dauden sinbolo eta elementuak", eta "errepresio-sisteman parte hartzen duten agintariak, parte-hartzaileak edo diktaduraren euskarri izan ziren erakundeak" kentzea eskatzen da.