Urriaren 19ra arte dago ikusgai Donostiako Kaian Amerikako konkista eta arpilatzeari bandera berdea eman zion itsas-espedizioko itsasontzi baten erreplika: Cristobal Colónen Santa Maria. Espainiarrek segitzen dute haien loria inperiala gorazarre egiten, bertoko agintari politikoen baimenarekin eta kritika ezarekin.
Ez dute ezkutatzen. Polizia, guardia zibil eta armadako kide artean eman zioten ongietorria Donostiako kaian Cristobal Colónek Ameriketara zuzendutako lehen bidaiaren itsasontzi baten erreplikari. Mundua goitik behera aldarazi zuen biolentzia aro hori egun biolentziaren monopolioa duten eman diote segi aurkezpenean. Horrek protestak eragin ditu Donostian.
Katea ez da eten, ez dute eten. Baina egungo sistema kolonialaren oinarriak ezarri zituen historia horrek lotura zuzenak ditu Euskal Herriarekin, baita hasierako protagonisten eskutik ere.
Colónen lehen bidaia horretako hiru ontzietatik bat zen Santa Marian zortzi bizkaitar –Lekeitio ingurukoak– izan ziren haren zutabe nagusia, hainbat kantabriarrekin batera. Orotara 90 bat lagun joan ziren espedizioan. Arazoak izan zituzten tripulazioa osatzeko, tartean delituak zituztenak sartu zituzten, eta gehiengoak ez zekien ezta zein zen bidaiaren helmuga eta helburuak. Lehen itsas espedizio horrek helburua zuen Espainiako Koroari lur ezezagunen (europarrentzat, noski) berri ematea, Asiako zenbait uharterekin indarrean zen bide "komertzialari" alternatiba bat bilatzeko, hain errentagarriak ziren espeziak lortzeko. Hori dela eta, lehen bidaia hartan ez zuten soldadurik edo apaizik eraman haiekin. Horiek segituan bidaliko zituzten: Colónek Amerikara egindako bigarren bidaian bertan. Bigarren bidaia horren helburu nagusiak oso argiak izan ziren: "aurkitutako lur berrien" konkista eta kolonizazioa. Bigarren espedizio horretan bertan hasi zen egun Dominikar Errepublika eta Haiti osatzen duten uhartearen espainiar kolonizazioa, eta bertako biztanle tainoen genozidioa.
Colónen bigarren espedizio horren prestaketetan euskal herritar batzuek ekarpen handia izan zuten. Eta hasiera batean, euskal marinelen talde handi batek parte hartu behar zuen tripulazioan, Iñigo Artieta, Sancho Lope de Ugarte, Juan Ruiz de Loiola eta Juan Pérez Amezketa kapitain eta maisuen agindupean. Sopuertako militar bat joan zen Colónekin batera: Francisco Garay. Berak antolatu zuen lehen armada karibeak harrapatu eta azienda nahiz urre meategietan lan egitera behartzeko, antropofagoak zirela argudiatuta.
Lehen bidaiara itzulita, bi hilabeteko zeharkaldiaren ondoren eta tripulazioa matxinatzeko puntuan zela, azkenik 1492ko urriaren 12an, Bahametako uharte batean lur hartu zuten. Colónek San Salvador izena jarri zion. Hurrengo bi hilabeteetan Karibeko uharteetan ibili ziren, eta espedizioa ordaindu zuen errege-etxeko kideen izenekin irla horiek bataiatzen aritu ziren. Azkenik, Haitira heldu ziren, Colónek La Española edo Hispaniola izena jarri zion irlara. Orduko kronika batzuen arabera, hango bizilagun batzuek, europarrak jainko hartuta, alabak eman zizkieten kriskitinen eta horrelako bitxikeria ezezagun eta balio gabekoen truke, lehen kolono zurien apeta sexuala asetzeko.
Gabonetarako, Colónek itzulera bidaiari ekitea erabaki zuen. Eguberri gauean egungo Haitiko Caracol Badian den inguruetan ainguratuta igarotzea erabaki zuen, Guacanagarix kazikearen herrixkaren aurrean, espainiarrekin bereziki amultsua izan zen "anfitrioi ona". Baina gau hartan, ordea, Santa Maria eta Niña ontziek hondoa jo zuten. Istripuaren teorietako bat zera da, arduraduna lo geratu edo mozkortuta egongo zela gainerako marinelak Gabonak ospatu eta etxera laster itzultzeagatik pozik egiten ari ziren ospakizunetan. Historialari batzuen arabera, istripuaren gau horretan zaintza ardura izan zutenak Lekeitioko Txatxo –egun Lekeitioko kaiak izen hori du haren omenez–, eta Eako Martin de Urtubia 14 urteko gaztea izan zitezkeen.
Kalteak ikusita, Colónek Santa Mariaren masta nagusia moztea eta hondartzan gotorleku bat eraikitzea erabaki zuen, Santa Mariatik salbatutako egurrezko hondakinak erabilita. La Niñan bueltako bidaiarako sartzen ez ziren tripulatzaile guztiak irlan uzteko asmoa zuen, Guacanagarix buruzagiaren babespean. Horien artean Santa Maria ontziaren hondoratzean erantzukizunen bat izan zutenak barne. Beraz, Colónekin itzuli ez eta Amerikan bikingoen ostean ezarritako lehen kolonia hartan –Haitiko Navidad gotorlekuan– geratu ziren 39 pertsonen artean ere euskaldunak zeuden, urte oso bat igarotzeko adina elikagai eta materialekin.
Ia urtebete geroago, 1493ko azaroan, Colón itzuli zen 17 ontzitan 1.500 gizon baino gehiagorekin, baina Natividad gotorlekua suntsituta zegoen, ez zen inor bizirik geratu. Gorpu asko inguruko mangladien artean sakabanatuta zeuden. Konkistaren lehen urteetan, Haitiko lur haietan egondako Fray Bartolomé de Las Casas kronikagile ezagunak jaso zuen lehen kolono horien patua: “Colón abiatu ostean, [Haitin] geratu zirenak liskarrean hasi ziren, elkarri labankadaka. Bakoitzak beretzat nahi zituen emakume eta urre oro hartzen zuen, eta elkarrengandik aldentzen hasi ziren”.