Espainiako Estatuko Justizia Ministro Rafael Catalá filtrazioak argitaratzen dituzten hedabideak zigortzearen alde zegoela iragoki du asteazkenean. Ostegunerako, ordea, atzera egin du: “Gobernuak ez dauka hedabideak zigortzeko asmorik”.
Asteazkenean eztabaida proposatzeak hautsak harrotu ditu. “Ikerketa judizialen informazioa filtratzen dutenak irmoki zigortu behar dira”, adierazi zuen. Cataláren hitzak adierazpen askatasunaren eta informatzeko eskubidearen aurkako eraso larritzat jo dute hedabide eta kazetari askok. Horren aurrean atzera egin du Espainiako Justizia ministroak.
Gizartea eta botere publikoek, hala ere, hausnarketa egin behar dute filtrazioei buruz, Cataláren arabera.
“Ustezko errugabetasuna bermatzearen beharra eta beste herrialdeetan egiten duten moduan, prozesu justu bat izateko eskubidearen inguruko eztabaidaz ari nintzen. Ez nuen zigor proposamenik egin”.
Era berean, “hedabideak zigortzearen eta informazioa ez publikatzearen betebeharraren” inguruan eztabaidatzeko aukera egon beharko lukeela adierazi zuen Justizia ministroak: “Kontrola non jarri eztabaidatzea beharrezkoa da: informazioa igortzen duenaren gain edo argitaratzen duenaren gain”.
2013tik Europar Batasuna enpresen informazioa argitaratzearen aurkako zuzentarau bat prestatzen ari da. Joan den urtarrilean Frantzian antzeko arau bat atzera botatzea lortu dute kazetari, prentsa elkarte, hedabide, erredakzio kontseilu, agentzia, blogari eta GKE ugarik. Macron Legean isilpean eta azken orduan sartu zuen gobernuak “sekretu komertzialari” buruzko emendakina. Teorian industria espioitzaren aurka egiteko zela esan zuten arren, hiru urteko kartzela zigorrak eta 375.000 euro arteko isunak ezarri nahi zituen “autorizaziorik gabe babestutako informazioaren ezagutza lortu, hau desbideratu edo argitaratzen dutenentzat”.