Espainiako hauteskundeak aurreratzeko aukera geroz eta gehiagotan aipatzen ari dira hedabideak eta mahai gainean dagoen datetako bat datorren urteko maiatzaren 26a da, udal eta foru hauteskundeak eta Europako parlamentukoak egingo diren egun bera. EAJk posibilitate hori txartzat jo du.
Koldo Mediavillak, EAJren Euskadi Buru Batzarreko instituzioen alorreko ordezkariak eginiko adierazpenak jaso ditu Noticias de Gipuzkoa egunkariak. Mediavillaren ustez, “sinesgarria” da Espainiako hauteskundeak aurreratzeko aukera, baina botoa emateko egunaz hitz egin duenean, maiatzaren 26an egitearen “erabat kontra” agertu da.
Espainiako politika “mendi errusiarra” bihurtzen ari dela gaitzetsi du Mediavillak eta gaineratu du arazoa ez dela konponduko hautestontziak dagokiona baino lehenago jarrita.
Espainiako Estatuko aurrekontuei buruzko akordioa lortzeko borondatea puskatutzat jotzen ari direla ere esan du eta errepikatu du horren ondorioz hauteskundeak 2019ko maiatzaren 26ra aurreratzea “erabaki txarra” litzatekeela.
Prentsari egin dizkion adierazpenak baliatu ditu Mediavillak bere alderdiaren eskaerak berriz gogora ekartzeko: EAEk oraindik eskuratu ez dituen transferentziak eta Pedro Sanchezekin adostutako konpromisoak bete gabe daude jeltzaleak nabarmendu duenez eta uste du PSOEk eta Moncloak “lasaitu” egin dutela horiek betetzeko jarrera.
Azken egunetan PSOE hauteskundeak aurreratzeko aukera iradokitzen ari da, aurrekontuak onartzeko presio gisa, Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa babestu zuten EAJk, PDeCATek eta ERCk bere kontuak onar ditzaten.
Nolanahi ere, momentuz EAJk ez du Pedro Sanchezen gobernuaren aldetik albiste berririk izan gai horren inguruan Mediavillaren arabera.