Datorren azaroan egingo diren Espainiako hauteskunde orokorretarako Euskal Herriko hautagaitza bateratua proposatu dute zenbait lagunek, Bilbon egindako agerraldian. Nagusiki arlo akademikoko jendeak sustatu du ekimena.
Aldaketa soziala, erabakitzeko eskubidea eta pluraltasuna dira hautagaitzaren oinarri nagusiak, indarkeria guztien gaitzespenaz gain, sarean jada zintzilikatu duten manifestuan diotenez.
Euskal Herria pairatzen ari den krisiak izaera bikoitza duela esan dute: alde batetik egiturazko krisia, “planetaren mugak gainditzen ari delako”, eta bestetik, zaintzen krisia, egun geroz eta zailagoa baita “eguneroko beharrei erantzutea”.
“Prozesu eraldatzaile berriak” sustatu behar dira zerrendaren sustatzaileen ustez, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoaren “erabakitze subjektua onartuz”.
Bake prozesua eta normalizazio politikoa sendotzeaz ere mintzatu dira, “segurtasunaren aitzakian” egin diren azken lege aldaketak oinarrizko eskubideak “sakrifikatu” baitituzte beraien ustez.
Hautagaitzaren sinatzaileak 27 pertsona dira, tartean honakoak: Ramon Zallo, Pedro Ibarra, Alfonso Dubois eta Mari Luz Esteban irakasleak, Begoña Zabala abokatua, Jose Ramon Mariño ekonomialaria eta Irantzu Varela eta Mariano Ferrer kazetariak.