Gaztelako Partido Castellanok (PCAS) salatu du Espainiako Ingurumen eta Industria ministerioek atzera bota dutela gobernuak Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuari (EGMI) haustura hidraulikoaz eskatutako txosten bat. Emaitzak ez dira frackingarekiko behar bezain onbera, nonbait. PCASen arabera, ministeriootako arduradun politikoek txostenaren zenbait pasarte “leuntzeko” eskatu diete egileei. Urtarrilean prest zuen txostena EGMIk, baina harrezkeroztik "izoztuta" dago.
Txostenaren xedea frackingaren balizko arriskuak eta horiek eragozteko aurrez hartu beharreko neurriak deskribatzea da. Besteak beste, egileek diote denbora luzez frackinga erabili den herrialdeetan, batez ere AEBetan, teknika horrek lurrikara txikiak eragin dituela, ur putzuak kutsatu dituela eta substantzia kantzerigenoak jaurti dituela eguratsera. AEBean gertatutako 40 istripu (isurketak, zulatzean egindako hutsak…) deskribatzen dituzte, halaber.
PCASen esanetan, gasa erauzteko frackingaz baliatu nahi duten enpresen presioei men egiten ari da Madrilgo Gobernua, eta batik bat Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen ministerioa. Presio handiena egiten ari direnen artean, EAEko Energiaren Euskal Erakundea aipatu dute.
ARGIAk txostenaren kopia bat eskuratu du. Haren 100 orrialdeetan frackingaren kalte ugari deskribatzen dira: lur azpiko eta gaineko uren kutsadura, gehiegizko ur erabilera, inguruko urak erradioaktibitatez kutsatzeko arriskua, lurrikara arriskua, metano emisioak… Dokumentua osorik, lotura honetan (gaztelaniaz).