Espainiako Gobernuak gazteei alokairua ordaintzen laguntzeko diru-laguntzak emango dituela jakinarazi du Pedro Sánchezek. Neurriak kritika andana jaso du, argudiatuz diru-publikoaz etxejabeen diru-sarrerak bermatzen dituela eta ez etxebizitza eskubide unibertsala.
Gazteei alokairua ordaintzen laguntzeko diru-laguntzak onartuko direla iragarri zuen Espainiako presidente Pedro Sánchezek asteartean. Prentsaurreko bidez jakinarazi zuen berria, koalizio gobernua eratzen duten bi aldeek alokairuen prezioa erregulatu asmo duen legeari buruz zituzten ezadostasunei balizko aterabidea eman ostean; PSOE eta Unidas Podemosen artean adostasun faltak blokatuta izan baititu Espainiako Aurrekontu Orokorrak, Unidas Podemosek horiek onartzeko baldintza bezala jarria baitzuen etxebizitza alorrari dagokion legea bideratzea.
Sánchezek iragarritakoaren arabera, ostegunean onartzea espero diren aurrekontuetan 200 milioi euroko diru-partida jasoko da gazteentzako “etxebizitza bonua” izendatu dutenarentzako, eta autonomia erkidegoek “flexibilitatea” izango dute horiek kudeatzeko. Aipatu diru-laguntza 18 eta 35 urte artean dituzten, alokairuan bizi diren eta urtean 23.725 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten gazteei bideratua egongo da. Sánchezen hitzetan, “familia zaurgarrienen kasuan, bonu hori alokairura bideratutako zuzeneko laguntzekin osatu ahal izango da, alokairuaren balioaren %40raino”. Gehienez ere, bi urtez jaso ahalko da laguntza.
Neurri honek helburu jakin bati jarraitzen diola jakinarazi du Sánchezek: Espainiako Estatuko emantzipazio adina Europako batezbestekora hurbiltzea. Izan ere, Europako batezbesteko emantzipazio adina 26 urtekoa den bitartean, Espainian 29koa da.
Gazteei alokairua ordaintzeko diru-laguntzak ezagutzera eman orduko, ez dira gutxi izan horiei egindako kritikak. Hainbatek argudiatu duenez, alokairuaren prezioa zein etxebizitzaren merkatua erregulatu eta babes publikoko etxebizitza parkea handitu ezean, alferrikakoak dira diru-laguntzak, etxejabeek alokairuaren prezioa igo baitezakete. Iritzi hori adierazi dutenen artean daude, besteak beste, SAT Andaluziar Langile Sindikatuko Pastori Filigrana edota Kataluniako Sindicat de Llogateres-eko Jaime Palomera Zaidel. Are, azken honek seinalatu du iragarritakoaren arabera 55.000 gaztek jaso ahalko dutela laguntza, eta horrek esan nahi duela %99ak ez duela sosik ikusiko.
Sobre el bono de 250€ a jóvenes para pagar el alquiler:
1. Anuncian que 50.000 jóvenes podrán recibir la ayuda. Esto equivale a que el 99% de jóvenes no verían ni un euro.
2. Sin una regulación fuerte y efectiva de los alquileres, solo servirá para subir más los precios.
— Jaime Palomera Zaidel (@JaimePalomera) October 6, 2021
Si el Estado no pone límites a los precios de los alquileres de nada servirá un bono de 250€ a los jóvenes.
Los propietarios subirán 250 € el precio de los alquileres porque nada los limita.
Es simple.
— Pastori Filigrana (@PastoriFiligran) October 5, 2021
Hainbatek azpimarratu dutenez, etxebizitza eskubide unibertsala bermatzeko neurria baino, etxejabeen diru-sarrerak bermatzeko neurria da Espainiako Gobernuak iragarritakoa, diru-publikoa bideratuz poltsiko pribatuetara.