argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuak onartu egin du Loiolako kuartelen lursailetan auzo berri bat eraikitzeko proiektua
  • Trantsizio Energetikorako Ministerioak Donostiako Udalaren alegazioei baiezkoa eman ondoren, 1.750 etxebizitza eraiki ahal izango dituzte bertan. Udalak Urumea ibaitik hogei metrora ezarri du auzo berria eraikitzeko babes lerroa.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko otsailaren 12a
Donostiako Loiolako kuartelak enekogoia (CC BY-NC-ND 2.0)

Aitor Esteban EAJren kongresuko bozeramaileak astelehenean iragarri zuenez, Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Loiolako kuartelen lursailen salmenta desblokeatu du, 2023ko urrian Donostiako Udalarekin adostu zuenetik izoztuta egon ondoren. Ondorioz, hiriak 73,3 milioi euro ordainduko ditu bertan 1.750 etxebizitza eraikitzeko.

2024. urteko maiatzaren amaieran Gipuzkoako Itsasertzetako Zuzendaritza Nagusiak helegitea aurkeztu zion proiektuari, eraikinak gutxienez Urumea ibaitik 100 metrora egin behar zirela adieraziz. Azkenean, Madrilek Donostiako Udalaren alegazioei men egin die, eta gutxienez ibaitik hogei metrora eraiki ahal izango dituzte etxebizitzak.

Albistea iragartzearekin batera, "egun garrantzitsutzat" hartu zuen astelehena Estebanek, eta adierazi Eneko Goia alkateak "urte luzez" egindako lanari esker Donostiako "arazo larrienetako bati" konponbidea eman zitzaiola. Goiaren ustez, berriz, Espainiako Gobernuak eta udalak adostutako akordioa "pozgarria" da, eta orain arte blokeatuta egon den hitzarmena "ahalik eta azkarren" berraktibatuko duela jakinarazi du. 

Oztopo bat gutxiago

Loiolako kuartelen salmenta erdietsita, Donostiako Udalak hurrengo urteetarako planteatuta duen hirigintza planak aurrean zuen oztopo handiena baztertu du. Halaber, hiriko Altza auzoan abian jarri nahi duen Auditz Akular proiektua geldituta dago oraindik; plan horretan 3.000 etxebizitza inguru eraiki nahi dituzte.