Espainiako Barne Ministerioarentzat "zilegia eta aproposa" da "legez kanpoko proiektu sezesionistetan" polizia agenteak infiltratzea, Òmnium Cultural erakundeari emandako erantzunean jasoa dagoenez. Òmnium-ek salatu du gobernuaren txostenak lotzen duela independentismoa terrorismoarekin, Directa hedabideak argitaratu duenez.
Hain justu, Directa-k argitaratu zuenean ezker independentistan eta etxebizitza eskubidearen aldeko mugimenduan infiltratutako poliziaren inguruko erreportajea, Barne Ministerioak uko egin zion adierazpenak egiteari, eta Fernando Grande-Marlaska ministroak esan zuen kasu horrek "probarik gabeko espekulazioak" zituela oinarrian. Aldiz, pasa den uztailean Òmnium Cultural-ek Espainiako Auzitegi Nazionalean aurkeztutako salaketari emandako erantzunean, onartu du mugimendu independentistan polizia agenteak dabiltzala, Directan irakurri daitekeenez.
Aurkeztutako helegitean, Barne Ministerioak eskatu du polizia infiltratuaren eta kaptazio ahaleginen gainean jarritako salaketa tramitera ez onartzeko, eta azaldu du poliziaren egitekoa "zilegia eta aproposa" dela. Txostenak dioenez, poliziaren helburua da "segurtasun eta ordena publikorako interesekoa den informazioa biltzea, gizabanako erradikalak edota legez kanpoko proiektu sezesionistekin konprometitutakoak mugitzen diren ingurunean".
Òmnium-eko presidente Xavier Antichen hitzetan, "Fernando Grande-Marlaskaren ministerioaren ekintzek oinarrizko eskubideak urratzen dituzte". Independentismoaren kontrako jazarpena salatu du Antichek: "Estatuak inpunitate osoz eta legez kanpo jarduten du". Gaineratu du Estatuaren estrategia dela "independentismoa terrorismoarekin lotzea"; horretarako, "Estatuak indarkeria faltsu bat asmatzen du, ez delako gai Kataluniako gatazka politikoari demokratikoki heltzeko". "Terrorismoaren aurkako borrokari dagozkion neurriak aplikatzen ditu, independentismoa bezalako mugimendu demokratiko eta baketsuari aurre egiteko", salatu du Antichek.