Pedro Sánchez Espainiako presidenteak adierazi du, legez arma-blokeoa ezarrita, presioa eragin nahi dutela Benjamin Netanyahurengan. Sánchezek deitoratu du nazioarteko komunitatearen zati baten “indiferentzia” eta Israelgo Gobernuarenganako “konplizitatea”. Armen salerosketa debekuaz gain, beste zortzi neurri aurreikusi dituzte dekretuan, besteak beste, portuak eta aireportuak blokeatzea Israelgo Indar Armatuei bideratutako erregaiari.
Armak salerostea debekatuko zutela lehen ere esana zuen Espainiako Gobernuak, baina orain adierazi du dekretu baten bidez arautuko dutela gaia. Bitartean, eldiario.es hedabideak gogorarazi du Espainiak mantendu egin dituela indarrean zituen kontratuak eta azken hilabeteotan Israeli arma eta munizio gehien erosi dizkion Europako Batasuneko herrialdea izan dela.
Espainiako presidenteak adierazi du badakitela neurriak ez direla nahikoa izango inbasioa eta gerrako krimenak geldiarazteko, “baina espero dugu Netanyahu lehen ministroari eta haren Gobernuari presioa gehitzeko balio izatea, palestinar herritarrak pairatzen ari diren sufrimenduaren zati bat arintzeko eta Espainiako gizarte osoak jakin eta senti dezan XXI. mendeko gertakari zitalenetako baten aurrean gaudela, eta bere herrialdea, Espainia, historiaren alde egokian egon zela”.
Herri juduak estatu propioa izatea eta bertan seguru sentitzea defendatu du, “jasandako bidegabekeria eta jazarpenagatik”, baina deitoratu du Hamasen atentatuei emandako erantzun militarra "legez kanpoko okupazioen uholde berri bat eta biztanleria zibil palestinarraren aurkako eraso justifikaezina" bihurtu izana. Eta hau gehitu du: "Hau ez da bere burua defendatzea. Ez da erasotzea ere. Babesik gabe dagoen herri bat akabatzea da. Zuzenbide humanitarioaren lege guztiak haustea da”.
Beste zortzi neurri, tartean UNRWAri laguntza ekonomiko handiagoa
Hauek dira dekretuak jasoko dituen beste neurriak:
- Israelgo Indar Armatuentzako diren erregaiak garraiatzen dituzten itsasontzi guztiei Espainiako portuetatik igarotzea debekatzea.
- Israelerako defentsa-materiala garraiatzen duten estatu-aireontzi guztiei Espainiako aire-espaziora sartzea ukatzea.
- Espainiako lurraldera sartzea debekatzea Gazako Zerrendan genozidioan, giza eskubideen urraketan eta gerrako krimenetan zuzenean parte hartzen duten pertsona guztiei.
- Gazako eta Zisjordaniako legez kanpoko kokaguneetatik datozen produktuak inportatzeko debekua; okupazio horiei aurre egiteko, palestinarren nahitaezko desplazamendua geldiarazteko eta bi estatuen konponbidea bizirik mantentzeko helburuarekin.
- Israelgo legez kanpoko kokaguneetan bizi diren espainiar herritarrei emandako kontsul-zerbitzuak legez nahitaezkoa den gutxieneko laguntzara mugatzea.
- Palestinako Agintaritzari emandako laguntza indartzea, Europar Batasunak Rafahn duen mugako laguntza-misioan efektiboak gehituz, eta Palestinako Agintaritzarekin lankidetza-proiektu berriak ezartzea nekazaritzaren, elikagaien segurtasunaren eta laguntza medikoaren arloetan.
- Espainiak UNRWAri, Gazako herritarrei laguntza emateaz arduratzen den Nazio Batuen Agentziari, egindako ekarpena hamar milioi euro gehiagora emendatzea.
- Gazarako laguntza humanitarioaren eta lankidetzaren partida handitzea, 2026an 150 milioi eurora iristeko.