argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuak helegitea jarriko dio EAEko Herri Ekimen Legegileen lege berriari
  • Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, Madrilek Espainiako Konstituzioaren aurkakotzat jotzen du “legearen barruko etorkinek” ekimen legegileak aurkeztu ahal izatea.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko irailaren 27a
Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen Madrilek errekurritu nahi duen legea (Arg.: Irekia / Eusko Jaurlaritza).

Josu Erkoreka jarduneko Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak jakinarazi du, gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztuko duela Gasteizko Legebiltzarrak iragan ekainean aho batez onartu zuen Herri Ekimen Legegileen legeari.

Lege berri horrek dakartzan berritasunen artean aipagarrienak dira nabarmen txikiagoa dela ekimen legegile bat aurkezteko behar diren gutxieneko sinatzaile kopurua (30.000tik 10.000ra) , eta horretarako aukera ematen diela EAEko udalen batean erroldatuta bizi diren etorkinei, espainiar hiritartasunik ez izan arren.

Hain zuzen, bigarren puntu hori da Espainiako Gobernuak helegiterako azaldutako argudioa. Josu Erkorekak esan duenez, Madrilen ustez Konstituzioaren aurkakoa da EAEn bizi diren atzerritarrei parte hartze politikorako eskubidea onartzea, “bertan legalki bizi arren”.   

EH Bildu: "Berriro frogatu da aldebikotasuna ezinezkoa dela Espainiako Estatuarekin"

Prentsa ohar baten bidez, EH Bilduk kritikatu egin du Espainiako Gobernuak "muzin egin diola berriro ere Gasteizko Legebiltzarraren erabaki zilegi eta demokratiko bati", eta gaineratu du Madrilek Euskal Herriarekiko duen harreman modu bakarra menpekotasuna dela.

"Ez dago Espainiako Estatuarekin berdinen arteko harremana eraikitzerik, aldebikotasuna ezinezkoa da eta norabide horretan egin litekeen edozein saiakerak porrot egingo du", esan du koalizio abertzaleak, eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duten eragileekin elkarlanean aritzeko deia berretsi du.