argia.eus
INPRIMATU
Sánchezek ezetz esan dio Urkulluri: Jaurlaritzak ez du erabakiko zer jarduera ekonomiko eten
  • María Jesús Montero Espainiako Gobernuko bozeramaileak adierazi du erkidego guztiek bete behar dituztela funtsezkoak ez diren jarduera ekonomikoak eteteko erabakia. Pedro Sánchezek erkidego autonomo guztiekin izan duen bileraren ostean egin ditu adierazpenak.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 29a
María Jesús Montero gobernuko bozeramailea, aurreko agerraldi batean. Argazkia: Eldiario.es

Espainiako Gobernuak funtsezkoak ez diren jarduera ekonomiko guztiak eteteko erabakia jakinarazi zuen larunbatean. EAJk haserrea agertu zuen erabakiaren aurrean, eta Iñigo Urkullu lehendakariak gutuna bidali zion Sánchezi, eskatuz erkidego bakoitzak erabaki zezala zer eten eta zer mantendu.

Bileraren ostean agerraldia egin du Espainiako Gobernuko bozeramaile Monterok. Adierazi du Gobernuak ezin duela desberdintasunik egin lurraldeen artean: "Batera aritzea funtsezkoa da, ezin dugu desberdintasunik egin. Birusa lurraldeen eta estatus ekonomikoen artean desberdintasunik egin gabe hedatzen da". Erabakia adituen irizpide zientifikoen arabera hartu dela ziurtatu du, mugikortasuna ahalik eta gehien murrizteko.

Kritikak Sánchezi

Eldiario.es hedabideak argitaratu duenez, bileran kritika ugari jaso du Espainiako Gobernuak, gauzak egin dituen moduagatik. Erkidegoetako presidente guztiek hedabideen bidez izan dute erabakiaren berri, ez da haietako inorekin adostu –El Paísek argitaratutakoaren arabera, gobernu barruan ere oso gutxi izan dira erabakian parte hartu dutenak, eta erabakia bera azken unean hartu da–.

Iragarritako neurriaren eduki zehatzari dagokionez, Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria agertu da kritikoen. Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak, aldiz, erabakia txalotu du, aspaldi ari baitzen eskatzen funtsezkoa ez den jarduera ekonomiko oro etetea. Bilera amaituta Urkulluk bideo bat zabaldu du Twiiter bidez, “Euskadin birusaren eragina arintzeko lehentasunak” izenburupean. Ez dio inongo aipamenik egin bilerari edo Espainiako Gobernutik jaso duen ezetzari.