argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuak diru publikoko 817 milioi euro gehiago bideratuko ditu Ukrainara
  • 615 milioi mobilizatuko ditu armamenturako eta 200 milioi Ukraina "berreraikitzeko", Sanchezek iragarri duenez.

Gedar @GedarLangileKZ 2025eko azaroaren 20a
Volodimir Zelenski (X)

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen bisita ofizialean jakinarazi duenez, funts publikoetako 817 milioi euro gehiago bideratuko dituzte Ukrainara. Sanchezek berak astearte honetako prentsaurrekoan zehaztu duenez, 615 milioi laguntza militarrerako izango dira, horietatik 100 milioi AEBetako armamentua erosteko, eta 200 milioi Ukraina "berreraikitzeko" emango dituzte, Espainiako Estatuko enpresek kudeatuta.

Zelenskiren bisitak, besteak beste Felipe VI.arekin bildu izana eta Espainiako Kongresura joan izana barne hartu dituena, gastu horiek guztiak zehazteko balio izan du. Horrela, Espainiako Gobernuak urtez urte eusten dio Jose Manuel Albares Atzerri ministroak iragarritako bide-orriari, gerrara 1.000 milioi euro bideratuta urtero.

"Defentsarako" 615 milioi horien barruan, 300 milioi dira "defentsa-ekipamendurako", 100 milioi NATOren PURL programarako, eta "batez ere AEBetako armamentua" finantzatuko dute, Sanchezek aitortu duenez. Gainera, 215 milioi euro gastatuko dituzte droneen eta radarren aurkako sistemetan, Europako SAFE sistemaren bidez. Finantzaketa horrek guztiak zorpetzea, murrizketak eta austeritatea dakartza oinarrizko zerbitzu sozialetan, batez ere kontuan hartuta Espainiako Gobernuak Estatuko Aurrekontu Orokor berriak onartu ezinik jarraitzen duela.

"Berreraikuntzarako" 200 milioiko partida Ukrainarako Berreraikuntzarako Espainiako Bulego berriak koordinatuko du, eta batez ere energiaren, garraioaren eta uraren kudeaketaren sektoreko Espainiako enpresa handiei egingo die mesede. Eredu horrek, sinatutako memorandumen arabera, funts publikoak transferitzen dizkie korporazio pribatuei, FIEMen eta CESCEren kredituen eta bermeen bitartez.

Bere agerraldi ofizialean, Picassoren Gernika ere bisitatu du Zelenskik, eta horrek ekarri du hainbat behatzailek gogoraraztea Ukrainako presidenteak bat egiten duela bere herrialdeko neonazismoarekin. Bisita hori nazien hegazkinek sarraskitutako Gerra Zibileko biktimekiko "errespetu falta" gisa hartu du jende ugarik, Francisco Franco diktadore faxista hil zela 50 urte beteko direnean eta memoria historikoari buruzko eztabaida publikoa bizi-bizi dagoenean. Zelenskik, dena den, Espainiako Gobernuaren babesa eskertu du berriz, Europako beste kide batzuentzat "eredu" delakoan.