argia.eus
INPRIMATU
Frankismoaren zigorgabetasuna Argentinan amaitu da
  • Frankismo garaiko lau polizia ohien atxilotze prebentiboaren eskaeran parte hartu duen Ana Messuti abokatuaren ustez, sei hilabeteko epean erantzun beharko luke Espainiako Gobernuak. Jorge Fernández Díaz Espainiako Barne ministroak adierazi du Servini epailearen eskari ofiziala jasotakoan atxilotze aginduei buruzko nazioarteko akordioak errespetatuko dituela.

ARGIA @argia 2013ko irailaren 20a

Hala adierazi du Espainiako Barne ministro Fernández Díazek, “Espainia Zuzenbide Estatua da eta konpromisoak bete egiten ditu”. Argentinako Maria Servini de Cubria epaileak frankismo garaiko lau polizia ohi (Jesus Muñecas Aguilar, Jose Antonio González Pacheco, Celso Galván Abascal eta Jose Ignacio Giralte González) torturengatik atxilotzeko agindua eman du. Atxilotze prebentiboa litzateke, akusatuak Argentinara eramango lituzkete eta galdekatu. Kereila lantzen aritu den Ana Messuti abokatuaren ustez, Madrilek lau ustezko torturatzaileak atxilotzeari uko egingo balio, Espainia nazioartean ihesi dabiltzanen babesleku bilakatuko litzateke. Messutik uste du Gobernuak urte erdiko tartean Servini epaileari erantzun beharko liokeela. Bestalde, lau polizia ohiek Espainiatik alde egingo balute Interpolek atxilotu ahal izango lituzke.

Diktaduraren errepresioaren biktimen elkarteek pozik hartu dute albistea. Lehenengo aldia da arduradun frankisten aurka nazioarte mailako atxilotze agindua ematen dela. Bonifacio Sánchez Memoria Historikoa Errekuperatzeko Elkarteko kideak adierazi duenez, 77 urte daramatzate halako keinu baten zain.

Joseba Ezeolaza Nafarroako Fusilatuen eta Desagertuen Senitartekoen Elkarteko kidea da. Hark uste du Alderdi Popularrak oztopoak jarriko dituela bide honetan, kontuan hartu behar baita frankismo garaian eta 36ko gerran ireki ziren zauriak oso gaizki itxi zirela.

Goldatu taldeko Josu Ibargutxiren iritziz, garrantzitsuagoa izango zen beste bostak inputatzea (Rodolfo Martín Villa, José Utrera Molina, Fernando Suárez González, Rafael Gómez Chaparro eta Jesús Cejas Mohedano) ministro eta epaile izan zirelako, baina “xakean beti peoiak sakrifikatzen dira lehenengo”.