argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernua Kanarietan dauden 827 asilo eskatzaile lekualdatzen hasi da
  • Auzitegi Gorenak martxoan ebatzitakoari jarraiki, astelehenean irletatik penintsulako adin txikikoentzako zentroetara lekualdatuko dituzte zortzi asilo eskatzaile. Gobernuak adierazi du adin txikikoen babes sarean integratzeaz arduratuko den etorkinen %90 maliar jatorrikoak direla, gerretatik eta diskriminaziotik alde egin dutenak.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko abuztuaren 11
Kanariar irletara heldutako etorkinak. Borja Suárez / Reuters

Bost hilabete eskas dira Auzitegi Gorenak ebatzi zuenetik Espainiako Gobernuak Kanarietara heldu ziren afrikar jatorriko 1.221 gazteren kargu hartu behar zuela, azkenean 827 izango dira –asilo eskaera onartu dietenak–. Aurreikusitakoa baino beranduago, astelehenean ekingo dio Madrilek asilo eskatzaile horiek irletatik Espainiako Estatuko adin txikikoen zentroetara lekualdatzeari: hain zuzen, Kanarietara ontzi bidez heldu ziren zortzi adin txikiko irtengo dira irletatik astelehenean, Espainiako Gobernuak gazteen segurtasunagatik oraindik argitara eman ez dituen penintsulako hainbat zentrotara.

Kanarietako Gobernuak jarritako salaketa bat aintzat hartuta Auzitegi Gorenak Espainiako Gobernuari 1.221 adin txikiko afrikarren babesaz arduratzea agindu bazion ere, azkenean 827 izango dira hurrengo asteetan Kanarietatik Espainiako Estatuko zentroetara lekualdatuko dituztenak. Izan ere, oraingoz horien asilo eskaerak onartu dira tramite bidez; gainera, Kanarietako eta Espainiako Gobernuak aztertu egin beharko dute asilo eskatzaile bakoitzaren kasuan ea komenigarria den irletan mantentzea edo penintsulara lekualdatzea.

Migrazio Ministerioaren arabera, tramite bidez onartutako asilo eskatzaileen %90 maliar jatorrikoak dira, beraz, gerratik eta diskriminaziotik ihes Kanarietara ontzi bidez heldutakoak. Astelehenean eginikoari jarraiki, gobernuak adierazi du hurrengo hilabeteetan astez aste zortzi asilo eskatzaile inguruz osatutako bi multzo lekualdatuko dituela penintsulako adin txikikoen zentroetara.

Pozueloko Udalak errefuxiatuen zentroa itxi du, "lizentzia faltagatik"

Espainiako Gobernuak oraindik etorkinak lekualdatuko dituzten zentroen izenak kaleratu ez baditu ere, azken asteetan hainbat hedabidetan agertu da gobernuak Kanarietara heldutako 400 asilo eskatzaile Pozueloko (Madril) errefuxiatuen zentrora lekualdatu nahi dituela. Pozueloko Udalak, ordea, duela bi aste jakinarazi zuen zentroa behin-behinean itxiko duela, gerretatik ihesi alde egindako adin txikikoen nahiz errefuxiatuen aterpe gisa jarduteko lizentziarik ez duela argudiatuta. "Espainiako Gobernuak egin nahi duena legez kanpokoa da", adierazi zuen Paloma Tejero herriko alkateak.

Errefuxiatuen zentroa, ordea, Espainiako Gizarte Segurantza, Inklusio eta Migrazio Ministerioaren jabetzakoa da, eta egun 500 errefuxiatu ingururen aterpe gisa jarduten du, gehienak ukrainar jatorrikoak. Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkari Francisco Martinek, RNE Espainiako Irrati Nazionalari eginiko elkarrizketa batean, salatu zuen Pozueloko Udalak hartutako erabakia "arrazista" dela, eta Madrilgo PPri leporatu zion eskuin muturraren eskaerei men egitea.