argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Estatuaren eta Israelen arteko harreman militarrak “inoiz baino estuagoak” izan dira 2023ko urriaz geroztik
  • Centre Delas erakundearen txosten batek 2023ko urriaz geroztik Tel Avivek eta Madrilek adostu dituzten armamentu salerosketak atera ditu argitara. Ikerketaren arabera, Espainiako Estatuko eta Israelgo enpresek ez dituzte inoiz hainbeste proiektu garatu elkarrekin, eta Israelgo industria militarrari inoiz ez zaizkio Espainiako Defentsa Ministerioaren hainbeste kontratu publiko esleitu.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko maiatzaren 08a
Netanyahu eta Sanchezen arteko bilera, 2023ko azaroan. Moncloa

Bakeari eta armagabetzeari buruz ikerketak egiten dabilen Centre Delas erakundeak apirilaren 25ean plazaraturiko txostenak zehazten duenez, 2023ko urrian Israelek Gazaren aurkako oldarraldia gogortu zuenetik, 40 kontratu baino gehiago sinatu ditu Espainiako Estatuak Israelekin loturak dituzten armamentu enpresekin –Israelgo enpresekin, horiek Espainian dituzten filialekin edota Israelgo lizentziapean ekoizten dabiltzan Espainiako Estatuko sozietateekin–. Gainera, txostenak argitara atera du Espainiako Gobernuak, Israelgo armak inportatzen jarraitzeaz gain, Israelgo segurtasun eta defentsa enpresei "inoiz baino kontratu publiko gehiago" esleitu dizkiela: orotara, 1.041 milioi euroko balioa duten kontratu publikoak. Israeldik Espainiara iristen diren arma eta munizio inportazioei bakarrik dagokionez, balioa 36,7 milioi eurokoa izan da 2023ko urritik 2025eko otsailera.

2024ko maiatzean Palestinako Estatua errekonozitu zuen Espainiako Gobernuak, eta Pedro Sanchez presidenteak behin baino gehiagotan esan du duela urte eta erditik ez diotela Israeli armarik erosi eta saldu. Bada, gobernuaren hipokresia azaleratu du txostenak: 2023ko urriaz geroztik Espainiako Gobernuak Israelekin izan dituen harremanak "inoiz baino ugariagoak eta estuagoak" izan direla baieztatu dute Alejandro Pozok eta Eduardo Melerok, Centre Delas erakundeko txostenaren egileek.

2023ko urriaren 7az geroztik, Espainiako Estatuak armak eta munizioak esportatu dizkio Israeli. Centre Delasen txostenaren arabera, 2025eko martxoaren 31ra arte, 5,3 milioi euroko balioa izan dute esportazio horiek.  Israelgo aduana bulegoek eurek emandako kopuru hori Espainiako Gobernuak emandakoa baino bost aldiz handiagoa da.

Dagoeneko 52.000 palestinar hil

2023ko urriaren 7az geroztik Gazaren aurkako lurreko nahiz aireko eraso bortitzak hasi zituenetik, Israelek zerrendako gutxienez 52.000 lagun hil ditu. Eta gehiago izan litezke hildakoak epe motzean eta epe luzean, ugariak baitira oraindik desagerturik dauden palestinarrak. bi hilabete daramatzalako Tel Avivek Gazara heltzen den laguntza humanitarioa osoki galarazten, horrek kalte larriak ondorioztaturik –gaixotasunak, gosetea, egarria...–. 

Bada, antza denez, hildako kopuru horrekin ere ez dago asetuta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, duela gutxi Gaza erabat okupatzeko plana onartu baitu: plan horren arabera, zerrendaren aurkako erasoak gogortuko lituzke Israelgo armadak, "Hamasek bahituta dauzkan israeldarrak askatzeko eta talde armatua garaitzeko" helburuarekin. Horretarako, Netanyahuk igandean bere sare sozialetan jakinarazi zuen milaka erreserbista deitu dituztela "erabateko garaipena" lortzeko. 2023ko urriaren 7az geroztik, guztira dituzten 460.000 erreserbistetatik 300.000 erreserbista mobilizatu dituzte.