Espainiako Erregeak eta Gobernuko Presidenteak Arabako hiriburua bisitatuko dute asteartean. “Herrialde honek libreki bere etorkizuna erabakitzea eragozten duten indarren errepresentazio nagusiak” direla adierazi du EH Bilduk, eta herritarrak deitu ditu 11:30ean Gasteizko Correos plazan antolatu duten ekitaldi publikoan parte hartzera.
“Espainiatik datorrena ukapena, inposizioa, porrot ekonomikoa eta miseria” dela esan dute EH Bilduko kideek. Astearteko ekitaldia “Erabakitzeko eskubideari bai, ukazioari ez” lemapean egingo dute.
Mobilizaziorako deialdia egiteko bideo hau plazaratu du koalizio abertzaleak:
Erregearen erdiko atzamarraren keinuak hamar urte
Juan Carlos Borboikoa behin baino gehiagotan izan da Gasteizen, baina ziurrenik duela hamar urte egin zuen bisitak utzi zuen argazki esanguratsuena. Espainiako erregearen kontrako oihuak egiten ari ziren talde bat erdiko atzamarra keinu iraingarrian altxaz "agurtu" zuen monarkiaren ordezkari nagusiak eta argazkilari askok jaso zuten horren testigantza.