argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Errege-Etxeari buruzko ikerketa batzordea sortuko du Kataluniako Legebiltzarrak
  • Kataluniako Parlamentua ikerketa batzordea sortzear da Espainiako Errege-Etxearekin lotutako pertsonen ustezko "jarduera kriminalen" inguruan. JxCat, ERC eta Catalunya En Comun-Podem taldeek gehiengoa lortuko dutela egintzat ematen dute hainbat hedabidek.

ARGIA @argia 2018ko azaroaren 14a
Espainiako Monarkiaren abolizioa eskatu zuen Kataluniako Legebiltzarrak urriaren 12an.

Publico egunkariak informatu duenez, JxCat-ek astelehenean erregistratutako proposamenaren aldeko botoa emango du Catalunya En Comun-ek. Espainiako Kongresuan antzeko testu batek ez zuen gehiengorik lortu irailean, PP, PSOE eta C's-en aurkako botoekin.

Proposamenaren aurkezpenean, Kataluniako Parlamentuko presidenteorde Josep Costak (JxCat) egintzat eman du proposamenak aurrera egingo duela, monarkiaren abolizioa eskatzen zuen proposamenak aurrera egin zuen bezala urriaren 12an. Orduan JxCat, ERC eta CUPek babestu zuten posizio politiko hori.

Públicoren arabera, CUP dokumentua aztertzen ari da, baina ikerketa batzordeak botoak bermatuta dauzka, ERCren 32 legebiltzarkide, JxCat-eko 30 eta Catalunya En Comun-en 8 baitauzka.