argia.eus
INPRIMATU
ETAren presioz joan zirenek EAEn bozkatu ahal izateko ahalegina egiten ari da PP
  • PP legean aldaketak egitea aztertzen ari da, ETAren presioa dela eta EAEtik alde egin dutenek hurrengo hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea izan dezaten, Jorge Fernández Díaz Barne ministroak atzo kazetariei jakinarazi zienaren arabera. Barne ministroaren hitzetan, "zentzuzkoa" da ETAren mehatxupean alde egin behar izan dutenek bizi diren lekuetatik  hauteskundeetan bozkatu ahal izatea.

2012ko maiatzaren 21
Jorge Fernandez Diaz.

Barne ministroak ekainaren 7an egingo duten batzarrean gaiaren inguruko bideorria zehaztuko dutela jakinarazi zuen atzo El Mundo egunkarian egindako elkarrizketan (soilik paperezko edizioan irakur daiteke). Gobernuak "zentzuzkoa" dena "legala" izan dadin ahaleginak egingo dituela esan du Fernandez Diaz ministroak.

Kanpora alde egin behar izan dutenen kopuruei dagokionean, alderdi bakoitzak zifra ezberdinak aipatzen ditu. Antonio Basagoitik (PP) Legebiltzarrean egindako agerraldian azken 13 urteetan 219.000 pertsonak alde egin dutela aipatu du. Eusko Jaurlaritzak aldiz 100.000 pertsonara murriztu du kopurua.

Eusko Legebiltzarrean PPk egindako proposamena ez zen aurrera atera, ez zuelako beste alderdien babesik jaso. Hala ere, EAJ, PSE, EA eta UPyDk gaiari lotutako emendakina onartu zuten. Bertan, Eusko Jaurlaritzak EAEtik alde egin behar izan zutenen inguruko ikerketa objektibo bat egitea onartu zuten besteak beste. Horren harira, Patxi Lopez lehendakariak "egoera delikatua" dela esan zuen herritar batek ezin duelako bozkatzeko eskubide bikoitza izan.