argia.eus
INPRIMATU
Bankiako buruzagitza absolbitu dute 22.000 milioi euro publiko galtzea eragin zuen operazioagatik
  • Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera, 34 auzipetuek ez zuten iruzurrik egin eta Bankia burtsara atera zen ikuskatzaile guztien onarpenarekin. Handik urte gutxira, erakunde publikoek ia 23.000 milioi euroko erreskatea egin zuten.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 29a
Rodrigo Rato, Bankia burtsara atera zen egunea.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor-arloko salak absolbitu egin ditu Bankia burtsara ateratzeagatik auzipetuta zeuden 34 norbanakoak. Epaiaren arabera, burtsaratzea ikuskatzaile ororen onespenaz egin zen, eta burtsaratzearen liburuxkak informazio –finantzarioa eta ez finantzarioa– “zabala eta zuhurra” jasotzen zuen. Horrez gain, azpimarratzen du epaiketan akusatuen jarrera orokorrak mahai gaineratu direla eta ez ekintza konretuak.

Ikuskatzaileen onespenari dagokionean, “burtsara ateratzearen eta banku bikoitzaren egiturarekin egitearen erabakiak osoki aztertu zituen Espainiako Bankuak, eta gainera, erabaki horiek zekartzaten abantailak eta eragozpenak neurtu ondoren onartu zituen”, dio Espainiako Auzitegi Nazionalak. Eta ondorioztatu du “begi-bistakoa” dela “Bankia burtsara irtetearekin amaitu zen prozesua Espainiako Bankuak, Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak (CNMV), Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak (BBOF) eta Europako Banku Autoritateak (EBA) oso ondo gainbegiratu zutela, eta, azken batean, erakunde guztiek onartu zutela prozesua”.

Burtsaratzearen informazio luburuxkari buruz, berriz, dio bertan jasotako finantza-informazioa nahikoa zela “ handizkako eta txikizkako inbertsiogileek konpainiaren balioari buruzko irizpide arrazoitu bat osa zezaten. Informazio hori Espainiako Bankuaren ikuskapenarekin eta errekerimenduei men eginez egin zen, eta, ondoren, Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak berretsi egin zuen, liburuxka erregistratzean”.

Zigor-arloko salak Fiskalak esandakoak ekarri ditu: burtsara ateratzean Bankiak eskainitako informazio finantzario eta ekonomikoa ezin dela “materialki faltsutzat jo, orduan indarrean zegoen araudia urratzen ez zuelako eta erregulatzailearen eskakizunak bete zituztelako, zeinak berariaz baimendu zituen kontabilitate-erabaki batzuk”.

Espainiako finantza erreskate handiena

2010eko uztailean sortu zen Bankia, 2008an eztandarazitako krisi ekonomikoaren ondorioz hondoratutako zazpi kutxa batu ostean: Caja Madrid, Bancaja, Caixa Laietana, Caja Segovia, Caja Avila, Caja Rioja eta Caja Canarias.

2011n burtsara atera zuten, PPko Rodrigo Rato presidente zela. Operazioarekin 360.000 inbertitzaile erakarri zituen, baina berandu gabe inbertitzaileak ohartu ziren Bankia balio askorik ez zuten aktibo toxikoz josia zegoela. Hala hasi ziren asko eta asko demandak aurkezten epaitegietan.

Testuinguru horretan, Rajoy Espainiako gobernuburu zela, bankuaren erreskateari eman zitzaion bide. Espainiako Estatuan inoiz jazotako finantza erreskate handiena egin zen, eta diru-publikotik 22.000 milioi euro erabili ziren.