Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicenteri 120 ongi etorri baino gehiago antolatzea eta terrorismoa goratzea leporatzen zien Espainiako Auzitegi Nazionalak. Auzipetuek, akusazio partikularrak eta Fiskaltzak akordioa egin dute, eta nahiz eta bi urteko espetxe zigorra jaso, adostutako baldintzak betez gero ez dira kartzelara joango.
Fiskaltzak bost urte eta zazpi hilabetetako espetxe zigorra eskatzen zuen auzipetuentzat, AVTk, Dignidad y Justiciak eta PPk bederatzi urtekoa. Astelehen goizean jakinarazi den akordioak zigorrak nabarmen beherago utzi ditu. Akusatuek antolakunde kriminal baten parte izateagatik urte bat eta sei hilabetetako kondena onartu dute, gehi sei hilabetetako isuna "biktimak umiliatzeagatik" eta "terrorismoa goratzeagatik".
Sortuko sei kideak zaintzapeko askatasunean egongo dira hiru urtez eta denboraldi horretan ezin izango dute parte hartu "ETAren terrorismoa goratzen" dutela interpretatu daitekeen eta "biktimak umiliatzen" dituzten ekimenetan. Kalera.info behin betiko itxiko dute, eta hiru urtez jarduera publikoak egiteko debekua jaso dute.
Aurrekariak
Epaiketa astelehenean hasi da iazko hainbat luzamendu eta gero. García Castellón epaileak berriz ireki nahi izan zuen instrukzioa 2024an, Dignidad y Justicia elkartearen eta PPren txosten berri bat zela eta. Txostenak Sorturen eta Sare Herritarraren Telegrameko hainbat elkarrizketa biltzen zituen. Eskaerari helegitea jarri zion Fiskaltzak eta Zigor Salak onartu egin zuen.
Auzitegiaren arabera, "biktimek etengabeko umiliazioa" jaso dute ongi etorrien bidez, ezin izan baitira "psikologikoki sendatu" haien eguneroko bizitzan "modu negatiboan" eragina izan dutelako. 2024ko apirilean sei kideak epaituak izatea proposatu zuten instrukzioan: "Presoak omentzeko ekitaldiak modu sistematikoan eta sistematizatuan antolatzeko joera duen jarduera garatu dute, batzuetan Kalera Kalera dinamikaz baliatuz eta beste batzuetan bestelako mugimendu sozial edo elkarteez, une konkretuko beharren arabera".