argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak errenta txikienei PFEZ jaisten dien Kataluniako legea indargabetu du
  • PSOE-Podemos gobernuak legearen aurkako helegitea aurkeztu zuen eta Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman dio. Erkidegoak estatuak emandako eskumenak gainditu dituela ebatzi du epaitegiak.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 08a
Espainiako Auzitegi Konstituzionala. Argazkia: wikipedia

Iragan urtean Kataluniako Gobernuak onartutako lege aldaketa bota du atzera Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, El Nacional hedabideak jakinarazi duenez. “Sektore publikoko neurri fiskal, finantziero eta administratiboen legea, eta ingurumenean eragina duten instalazioen gaineko zerga sortzeari buruzkoa” da legea, 88 zenbakiduna. 2020an egindako aldaketak pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita geratzeko urteko diru-sarreren langa %10ean igo zuen: 5.550 eurotik, 6.105era. Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du legea, erkidegoak dituen eskumenak gainditzen dituela iritzita: “Kataluniako Gobernuak Estatuak lagatako eskumen hori autonomia-erkidegoan gauzatzeko aurreikusten dituen mugak gainditu ditu". Ebazpenak zehazten du 2020ko errenta aitorpenean onuradun izan diren herritarrak ez dutela aurreztutako dirua ordaindu beharko. Kataluniako Gobernuko datuen arabera, 205.043 herritar izan dira beherapenaren onuradunak.

Espainiako Gobernuaren helegitea

Espainiako Gobernuak eraman zuen auzitara 2020ko apirilean moldatutako legea. Espainiako Ogasun ministro María Jesús Monterok azaldu zuen erkidegoek PFEZaren moldaketa txikiak egiteko eskumena dutela, baina ez “kategoria berriak sortzekoa”, eta hori egin zuela Kataluniako Gobernuak. Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman dio. PSOE-Podemos gobernuak atzera bota duen legea Quim Torra buru zuen gobernuak adostu zuen Catalunya en Comu-rekin, aurrekontuak onartu ahal izateko negoziazioen testuinguruan.