Fiskaltzak onartu egin du Voxek aurkeztutako helegitea. Epaiketa berria egitearen erabakia Gorenaren eskuetan dago orain. Epaiketa auzipetuen eskubideak urratu zirela ebatzi zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2018an, eta Gorenak epaia indargabetu zuen.
Vox alderdi ultraeskuindarrak berak jakinarazi du ebazpena sare sozialetan. Goreneko Fiskaltzaren arabera, Bateragune auzian "prozedura akatsa" egon zen, baina horrek ezin du auzipetuen “zigor-salbuespena” ekarri. Orain Auzitegi Gorenak erabaki behar du epaiketa errepikatu edo ez errepikatzea. Kontutan hartu behar da Giza Eskubideen Europako Auzitegiak epaia indargabetu zuenerako Arnaldo Otegi, Rafael Ruiz Usabiaga, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto ezker abertzaleko kideek euren espetxe zigorra –sei urte eta sei urte eta erdi artekoa– betea zutela.
Europaren eta Espainiako Gorenaren eta Auzitegi Nazionalaren aurkako ebazpena
2012an zigortu zituen Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auziko auzipetuak. 2018ko azaroan Giza Eskubideen Europako Auzitegiak aho batez ebatzi zuen epaiketa “inpartziala” izan zela, eta ondorioz Espainiako Auzitegi Gorenak epaia indargabetzea erabaki zuen. Horrez gain, Naiz-ek ezagutzera eman du gaur Auzitegi Nazionalak ere birritan egin duela epaiketa berriz egitearen aurka, AVT-Verde Esperanza taldearen eskaerari ezezkoa emanez. Hain zuzen ere, buruzagi independentistak epaitu zituen epaimahai berdinak hartu du erabakia –Ángela Murillo buru duena–. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak azken erabaki hori babestu du, fiskaltzen arteko jarrera kontraesankorrak agerian utziz.