Abenduan Kataluniako Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Torra presidenteak urte eta erdiko inhabilitazioa izango du. Hauteskunde berriak urtarrilean edo otsailean izan daitezke. Protestara deitu dute ANC eta Omnium elkarteek udaletxe guztien aurrean, eta Bartzelonako CDRak ere mobilizazioa deitu du.
Torrak presidente izateari utzi beharko dio eta urte eta erdian ezingo du kargu publikorik izan. Epaia preso zeuden Kataluniako buru politiko eta sozialen aldeko pankarta jartzeagatik iritsi da, Torrak Espainiako Hauteskunde Batzordearen agindua, alegia, pankarta kentzeko eskaera, ez betetzeagatik. Andrés Martínez Arrieta buru duen epaimahaiak, aho batez, hamar eguneko tartean eman du epaia. 30.000 euroko isuna ere mantenduko da.
Hauteskundeak ate joka
Hauteskundeetan amaituko den bidea ireki da Torraren inhabilitazioarekin. Presidenteak epaiaren notifikazioa jaso behar du –komunikabideen bitartez ezagutu da erabakia, beste behin–, eta ondoren Espainiako Estatuko eta Kataluniako aldizkari ofizialetan argitaratu behar da inhabilitazioa, ofiziala izan dadin.
Azken asteotan jakin denez, alderdi independentistek ez dute Torraren ordezko hautagairik aurkeztuko, eta Torrak ez du hauteskunde berririk deituko. JxCat eta ERCk adostu egin dituzte hurrengo urrats instituzionalak. ERCko Pere Aragones presidente ordeak hartuko du presidente kargua jardunean, baina funtzio mugatuekin –besteak beste, ezin izango du hauteskunderik deitu edo aurrekonturik aprobatu–. Generalitateko zerbitzu juridikoen arabera, Lege Dekretuen bitartez hartu ahal izango ditu zenbait erabaki. ERC eta JxCatek osatzen duten gobernuak lanean jarraituko du, nagusiki inhabilitazioak berak eta koronabirusaren krisiak markatutako testuinguruan.
Hauteskundeetarako deia egitea legebiltzarreko presidente Roger Torrentek egin beharko du. Aurretik, hamar egunetan gehienez ere, Kataluniako presidente berria izendatzeko hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu behar du, eta bi hilabeteren buruan ez badago izendapenik, hauteskundeak deitzera behartzen du legeak. Hauteskundeak ordutik 54 egunera egin beharko lirateke, urtarrilaren amaiera edo otsailaren hasiera.
Erantzun herritarra
Lider independentisten aurkako epaia ezagutu zenean gertatu bezala, erantzun politikoaren eta mobilizatzailearen protagonista nagusiak herritarrak eta elkarte independentistak izango direla ematen du. Epaia ezagutu bezain laster, iluntzeko 19:00etan udaletxeen aurrean mobilizatzera deitu dituzte herritarrak Omnium Cultural eta ANC elkarteek. Inoiz ezingo dute herri inhabilitatu! Eman diezaiogun babesa Quim Torra presidenteari leloa erabili du Omniumek, Presidentea defendatuko dugu, independentzia borrokatuko dugu, ANCk. CDRek ere deialdiak iragartzen ari dira. Bartzelonako CDRak Grazian mobilizatzera deitu ditu herritarrak, 19:30etan, “78ko erregimenaren errepresioa salatzeko”.
ERCk eta JxCatek azken asteetan adierazi dute aurreikustekoa zen epai honi erantzun politiko bateratu bat adosten ari zirela, baina gaur gaurkoz ez dago zehaztasunik. Epaia ezagutu ostean, JxCatek prentsa agerraldia egin du. Elsa Artadik adierazi du akordioa ia itxita dutela bi indarrek, “ñabarduren” faltan, baina gai nagusiak “berdin” ikusten dituztela. ERCtik antzera mintzatu da Marta Vilalta bozeramailea, bi alderdiek salaketa "zeharkako eta arduratsua" prestatzen ari direla esanez, baina zehaztasun gehiago eman gabe. CUPek JxCat eta ERC kritikatu ditu “konfrontazioan oinarritutako” erantzun bat ez bilatzeagatik, eta Maria Sirvent legebiltzarkideak salatu du bi alderdiek erantzuna adosteko elkarrizketetatik kanpo utzi dituztela. Gaurko mobilizazioetara batzeko deia egin du CUPek, “guztiok inhabilitatzen gaituzte” lelopean.