2022an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen kuartela Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezian sartzea, Voxek jarritako helegite bat onartuta. Gorenak baliogabetu egin du epai hori, eta bidea ireki dio Donostiako Udalari eremu horretan 1.500-1.700 etxebizitza eraikitzeko, kuartela eraitsita.
Otsailean Espainiako Gobernuak Loiolako kuartelen lursailetan auzo berri bat eraikitzeko proiektua onartu ostean, eremu horretan 1.750 etxebizitza eraikitzeko bidea are gehiago ireki dio Espainiako Auzitegi Gorenak Donostiako Udalari: kuartela Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezian sartzeko agintzen zuen epaia bertan behera utzi du auzitegiak, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Voxek jarritako helegite bat onartuta 2022ko uztailean ebatzi zuena. EAEko auzitegiaren ustez, kuartelak bete egiten zituen "babestua izateko planak jartzen dituen baldintzak", baina Gorenak Donostiako Udalak eta fiskaltzak jarritako kasazio errekurtsoak onartu ditu.
Hori horrela, hiriak 73,3 milioi euro ordainduko ditu bertan 1.500-1.700 etxebizitza eraikitzeko. Udalak maiatzean iragarri zuenez, kuarteleko eremuan eraikiko diren etxebizitza guztiak "babes ofizialekoak edo tasatuak" izango direla, eta ez dela salmenta libreko etxebizitzarik izango. "Donostiarrentzako etxebizitzak izango dira, klase ertainarentzat. Etengabe babestuta egongo dira espekulazioa saihesteko", hala adierazi zuen Nekane Arzallus Hirigintza Plangintza eta Etxebizitza zinegotziak.
Lurren salerosketa, gertuago
2023ko urrian Donostiako Udalarekin adostu zuenetik izoztuta egon ondoren, Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikorako Ministerioak otsailean desblokeatu zuen Loiolako kuartelen lursailen salmenta. Izan ere, Gipuzkoako Itsasertzetako Zuzendaritza Nagusiak helegitea aurkeztu zion proiektuari, eraikinak gutxienez Urumea ibaitik 100 metrora egin behar zirela adieraziz. Azkenean, Madrilek Donostiako Udalaren alegazioei men egin zien, eta gutxienez ibaitik hogei metrora eraiki ahal izango dituzte etxebizitzak.
Loiolako kuartelen salmenta erdietsita, Donostiako Udalak hurrengo urteetarako planteatuta duen hirigintza planak aurrean zuen oztopo handiena baztertu du. Hurrengo aurrerapausoa emateko, ostegunean elkartzekoak dira udala eta Espainiako Defentsa Ministerioa.