Asteburu honetan sare sozialetan asko zabaldu den irudiak piztu zuen eztabaida: hainbat legionario uniformatuta, garagardoz eta armaz inguratuta, Vilafranca del Penedèseko (Bartzelona) taberna bateko terrazan. Espainiako Armadaren arabera, garagardoak mahai gainean egoteak ez du esan nahi horiek edaten ari zirenik.
Espainiako Defentsa ministerioak onartu zuen sareetan zabaldutakoa egiazko irudia zela, eta horrek ikerketa bat zabaltzea eragin zuen. La Informacion atariak aurreratu duenez, Lurreko Armadako iturri ezezagunak oinarri hartuta, legionarioek ez dute zigorrik jasoko, “kode militarra urratzen duen egoerarik” ez delako agertzen.
Legionarioak Vilafranca del Penedèsen geratu ziren haien garraioaren takografoak hala eskatuta eta orduan geldialdi hori baliatu zuten taberna batean elkartzeko. Eta irudiak aztertu ostean, deliberatu dute tabernetako mahaietan garagardo botilak egoteak ez duela ziurtatzen horiek edaten ari direnak legionarioak izatea. Alkohola kontsumitzeagatik zigortu ahal izateko, alkoholemia froga bat beharrezkoa litzateke, eta ez zen horrelakorik izan.
Armak kargatu gabe zeudela diote, munizioa haien garraioetan zegoelako. Armak aldean zituzten, militar oro behartuta dagoelako bere arma beti berarekin eramatera.
Zalantza bakarra, diote, kode militarraren artikulu baten balizko urraketak eragiten du: "militarrentzat ezegokiak diren leku edo establezimenduetara joatea”. Hutsegite arina litzateke.
Espainiako Defentsa ministroari azalpen eske
ERCk eskatu du Margarita Robles ministroak Espainiako Kongresuan azalpenak ematea. JxCat-ek eta EH Bilduk babesa eman diote.