argia.eus
INPRIMATU
Espainiako armadak 10 tona jaurtigai bota ditu Bardeetan
  • Espainiako Aireko Armada bere abioi eta armamentu sistemak frogatzen aritu da azken egunotan Bardeetako tiro poligonoan. Maniobran 24 ehiza-hegazkinek hartu dute parte, eta osotara hamar bonba tona inguru jaurti dituzte Bardeetako lurretara. 

Garazi Zabaleta 2015eko ekainaren 02a
Bardeetako tiro poligonoan Espainiako armadaren maniobrak 2013an (argazkia: bardenasya.blogspot.com.es)

Armadaren mugimendu hauetan aritu dira hogei F-18 ehiza-hegazkin, bi Eurofighter eta bi F-5, eskuadroi horien tripulazio eta lurreko babeserako pertsonalarekin.

32 jaurtigailutik gora erabili dira, horien artean bi Maverick misil eta hainbat gidatutako bonba. Bertsio ofizialaren arabera, guztiek lurrean “zehaztutako jomugetan” jo dute.

Maniobra hauetara bertaratu da Javier Garcia Arnaiz, Espainiako Armadaren Aireko Estatu Nagusiko buruzagia, eta azpimarratu du modu honetako maniobrek garrantzia handia dutela ejerzitoaren “borroka ahalmena” prestatzeko.

Arnaizek adierazi duenez, armadako pertsonala mentalki prestatzeko nahitaezkoa da noizean behin benetako munizioarekin probak egitea, baita sistemek egoki funtzionatzen dutela egiaztatzeko ere:“Arazoren batez jabetzeko oso momentu txarra izango litzateke benetako misio bat”.