argia.eus
INPRIMATU
Espainiak Leilan eta Frantziak Bretainian aurkitu dute beren batasunaren perexila
2002ko uztailaren 21a
Europak aski ez zituen, nonbait, Balkanetan sekula erabat itzaltzen ez den sua eta Israel-Palestinako infernua. Europa berriak diplomazian esperientzia hartu nahi du eta Espainia eta Marokok eskaini diote hegoaldeko frontean horretarako aitzakia. Marokoko errege berriak "martxa berde" berria behar du bere ezteiak ospatzeko -haren aita zenak Sahararako eskurtsio erraldoi hura antolatu zuen bezala- eta Aznar espainiarrak berriz XXI. mendea bere arbasoek XX.a hasi zuten gai berarekin estreinatu nahi izan du: Afrikako istiluak. Itxura guztien arabera Espainia eta Marokoren arteko gatazka berria hasi baino ez da egin, eta nork daki oraindik uda honetako gai nagusietako bat bihurtuko ez ote den. Zein arrazoiren gainean? Batzuen ustez, hala nola Wenceslao Segura Gonzalezen iritzian, Perejil Espainiar subiranotasunpean dagoelako. Beste batzuen arabera aldiz, eta horrela mintzo da Maria Rosa Madariaga historiagilea, inolako justifikaziorik ez da Leila hori espainiarra dela uste izateko. Espainiako populazioaren irudimenean, ordea, oraindik ez dago ondo hausnartua Inperioa aspaldi bukatu zela. Eta nazionalismorik intoleranteenen mamutzarrak iratzarri dira berriro. Iragan berria den "dieciocho de julio" egoki ospatu nahi baduzu ("vivaespaƱa"ka, alegia), irakurri "Estrella Digital" egunkari elektronikoan bi iritziok: bere zuzendari Pablo Sebastianek ematen du tonu editoriala, eta euskaldunontzako irakurgai berezia "El Conspirador" ezizeneko eguneroko kolaboratzaile bereziak. "Presta hadi, Iarretxe", garbi esanda. Espainiako lurraren balizko batasun haustezina ukitzen denean, zezen zaharraren edozein eraso espero behar da. Baina batasun zaharraren kontrako erasoak edonon ikusten ditu handiak. Eta horixe jasan behar izan du bere haragitan Bretainiako Diwan eskola sareak. Ipar Euskal Herriko Seaskaren parekotzat jo daitekeen bretoierazko eskola honek, sare publikoan integratzea hitzartua zuen Parisko gobernuarekin 2001eko maiatzean, Jack Lang ministro sozialistaren eskutik. Baina urte bereko urrian lehenik eta aste honetan bertan bigarrenik, Parisko Estatu Kontseiluak atzera bota du erabakia, Frantziako Konstituzioarekin bat ez omen datorrelako. Gure lurretan ondo ezagutzen ditugun bilkura, hausnarketa, bide berrien urraketa... eta ziurrenik mobilizazioak ere, denetik izango dute udazken honetan Diwanekoek. Eta barne tirabirarik ere ez da faltako. Arazo gehiago jadanik oso minorizatua dagoen hizkuntza batentzako. Diwanek lortu baitu 2002ko hauteskundeetan ere bretoiaren inguruko eztabaida presente egotea. XX. mendea Bretainiako hizkuntzen (bretoiera zeltiarra eta gallo erromanikoa) hondamendiarena izan da, euskararena izan den bezalatsu. Mendea, bretoieraren debekuarekin hasi zuten frantses agintariek. Garai hartan bretoierak presentzia duen lurraldeetan populazioaren %75 mintzo zen hizkuntza horretan, eta gainera %50ak frantsesik ez zekien. 1950ean 1.100.000 omen ziren hizkuntza hori zekiten herritarrak eta zifrak gaur 250.000-300.000tan daude. Ez da hori okerrena ordea: bretoi hiztunen 2/3ak 60 urtez gorakoak dira, 15-19 urteen artean populazioaren % 0,5ek bakarrik daki, eta orotara, 40 urtez azpitik bretoiez hitz egiteko gai 13.000 herritar bakarrik dira. Panorama tristea, euskaldunontzako hain maitagarria den Bretainiako hizkuntza zeltiko zaharrak bizi duena. Ura pasata presa jarri nahian bezala kezkatzen hasi omen diren instituzioek lan izugarria egin beharko dute mende bateko beren errua ordaintzeko. Horretarako, Carhaix-Karaezeko alkateak adierazi duen bezala, Frantziak bere Konstituzioa aldatu beharko du, hasteko. Noiz? Beste zenbait lotura: - Gwalarn.org, bretoi kultura sustatzeko gunea. - Breizhoo.fr, Bretainiako bilaketa motorea. - TV Breizh, Bretainiako telebista pribatua. Marrazki bizidunak egunero bretainieraz ematen ditu. - BremaƱ, bretainierazko hilabetekaria. - Kervarker, bretoiera ikasteko gunea. - A-demorr, gallo hizkuntza (Bretainiako mendebaldean hitz egiten den hizkuntza erromanikoa) irakasten dute hemendik. - Ofis ar Brezhoneg, Bretoi Kulturaren Bulegoa, gune instituzionala. Pello Zubiria pzubiria@argia.eus