Espainiak indar juridikoarekin erantzungo dio Kataluniako “deskonexioa”ri

  • Pentsatu baino lehenago ekin dio Kataluniako Legebiltzarrak Espainiarekiko deskonexioari. Urratsak dira, sinbolikoak, baina hortik hasten da. Espainiak Brunete juridikoa mobilizatuko du lehenbizi. Hemen prozesuaren unea hobeto ulertzeko zazpi gako.


2015eko urriaren 28an - 11:36
Kataluniako Legebiltzar berria da orain prozesu independentistaren ardatza.

Katalan Errepublika. Ez dago halakorik oraindik, baina bai berau egiten hasteko tresna ugari –egungo autonomiak eskaintzen dituenak– eta errepublika abian hasi da jada: hilabetean prozesu konstituziogilea, ogasun publikoa eta gizarte segurantzari buruzko legeak egiten hasi beharko da legebiltzarra. Onartu, aldiz, ez dira onartuko aurreikusitako 18 hilabeteetan oso aurrera egin arte, bestela Konstituzio Auzitegiari berauen aurka egiteko aukera emango litzaioke.

Desobedientzia. JxSí eta CUPek “deskonexio demokratikoa” deitu dute akordioan. Hasi da jada, eta joango da gauzatzen talka txikietan. Hauen administrazioan dago gakoetakoa, hauek nola erabili prozesu independentistaren mesedetan. JxSíren bide orrian desobedientzia aurrerago aktibatzea espero zen, baina CUPk behartu du “deskonexioa"rekin aurreratzea.

Mas presidente? Azaroaren 9a baino lehenago izendatu behar du Gobernuko lehendakaria Kataluniako Parlamentuak eta seguruenik egun horretan bertan egingo da izendapenerako osoko bilkura. CUPek berean jarraitzen du, Mas ez da lehendakari izango, baina eduki dezake funtzio garrantzitsurik gobernuan eta prozesuan. Posible da oraingo akordioarekin JxSí-k amore eman izana “deskonexioa”ren kontuetan eta CUPek Masen izendapenean. Laster ikusiko da nola.

Hauteskunde berriak. Ez dirudi halakorik gertatuko denik, ez behintzat CUP eta JxSí-ren desadostasunaren ondorioz. Horrek itxura benetan kaskarra emango zukeeen. Uneren batean hauteskundeak berriz deitzen badira, independentismoari hala interesatzen zaiolako izango da. Aldea oso handia da.

155. artikulua. Ez dirudi oraindik indarrean jarriko denik. Borroka honetan Espainiako Gobernuaren  tresna bat gehiago da –beldurra, mehatxua–, baita indarrean jarri aurretik ere. Erreformatu berri da Konstituzio Auzitegiaren jarduna eta honek, zerbait agintzeaz gain, agindua betetzen ez duena zigortzeko aukera izango du orain. Itxura guztien arabera, hori izango da bidea, pertsona zehatzak zigortzea. Zigorretan, inhabilitazioetatik hasiko da eta hortik aurrera neurri asko har ditzake. Baina horiek ez dute prozesua geraraziko. Beraz, zigor neurriek gero eta gogorragoak izan beharko dute. Noraino?

Indarra. Hor da klabea, indarra noren eskuetan den, azken finean horixe baita estatuaren muinetakoa, indarraren monopolioa. Egun, hori batez ere Espainiaren esku dago, baina indarra izatea bezain garrantzitsua da berau erabiltzeko legitimitatea: Espainiak izango luke horretarako legitimitatea Espainian bertan, baina ez Katalunian eta, gaurkoz behintzat ezta nazioartean ere. Mossoak dira Generalitateak duen indarraren monopolio zatiaren erakusle argiena. Pultsua, beraz, haiengan irudikatuko da aurrerantzean hainbatetan. (Gaurko Pandora operazioa, adibidez, Mossoek egin dute, Auzitegi Nazionalaren aginduz).

Legezko erreferenduma. Independentismoa zatitzea izango da Espainiaren zeregin garrantzitsuena, horrela bakarrik saihestu ahal izango baitu prozesu independentistak aurrera egitea. Estatuaren indarraren erabilera –zigorrak oraingoz– eta hedabideen erabilera giltzarri izango dira horretarako. Independentistek batera jarraitzen badute, Estatuak legezko erreferenduma onartu beharko du ezinbestean, Kataluniari eusteko azken tresna gisa. Espainiaren jarrera itxiak katalan independentistak indartzen ditu etengabe, baina hauek ere ezin dute independentziarik aldarrikatu gizartean sostengu handiagoa izan gabe. Hori lortzen saiatuko dira eta, estatu egiturak prestatzearekin batera, horri begira elikatuko dute prozesu osoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude