Guardia Zibilak muga zeharkatu bezain pronto etorkinak kanporatzea eta indarraren erabilera gaitzetsi ditu Cecilia Malmströmek, EBko Barne Arazoetarako komisarioak. Bere hitzetan, Espainia Europar Parlamentuko 2008/115/CE zuzentaraua hausten ari da.
Europar Batasunera (EB) datozen legez kanpoko etorkinen kanporatzea erregulatzen du legeak.
Malmströmek Guardia Zibilak Ceuta eta Melillan izan ohi duen jarrera kritikatu du EH Bilduko Josu Juaristi eurodiputatuari igorritako erantzunean, Garak jaso duenez. Joan den astean Prodein GKEak bideo bat zabaldu zuen, polizia 23 urteko kamerundar bat konortea galtzeraino jipoitzen azaltzen dena.
“Norbere bizitza arriskuan ikusi ezean, poliziak ezin du indarkeria erabili etorkinen sarrera ekiditeko”, adierazi du komisarioak. “Batzordeak neurriak hartuko ditu estatu-kideren batek araua errespetatu ezean”.
Prodeinek Melillako Guardia Zibilen burua auzitara eramatea lortu du inputatu gisa. Oraindik aztertzeke daude abuztuan Melillako muga igarotzean Guardia Zibilak eraso egin zien etorkinen salaketak.
ACNUR ere adi
NBEren Errefuxiatuen Erakundeak (ACNUR) Ceuta eta Melillako indarkeria kasuekin amaitzeko eskatu dio Madrili.
Gerratik ihesi datozen eta nazioarteko babesa behar duten pertsonen asilo eskubidea urratzen dutela argudiatu du erakundeak, eta ez dela Melillako hesian horrelako “jokabide bortitzak” gertatzen diren lehen aldia.